“Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa”, bidea partekatuz
Larunbatean izan zen Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren gogoeta saioa Amurrion. Eraso matxisten aurreko protokoloa aurkezteaz gain, aurtengo ekimenak azaldu zituzten. Aiaraldeko emakumeen topaketa feministan parte hartzeko deia ere luzatu zuten.
Amurrioko gaztetxea hautatu zuten aurkezpenerako Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako (EHEMM) kideek. Otsemeak taldea bidelagun, eskualdeko hainbat norbanako eta eragile feminista elkartu ziren. Batetik, “eraso sexistei aurre egiteko protokoloa” izan zuten ardatz, iazko “indarkeria matxista birpentsatzen” jardunaldietan emandako gogoetak txertatuta: “Eztabaida eta jakintza kolektiboaren fruitu izanik, dokumentu amaitu gabea eta dinamikoa da, borroka feministaren joan-etorriek osatu eta moldatuko dutena. Amurrioko Otsemeak eta Laudioko Bagara Nor taldeek, protokoloa osatzeko hainbat saio egin dituzte aurrez.
“Indarkeria transistemikoa”
Hala, kontzeptu “berria” azaldu zuten: indarkeri transistemikoa. Izan ere, emakumeenganako zapalkuntza sistemak askotariko biolentziak eragiten ditu. “Zapalkuntza sistemak ez daude airean, gure gorputzetan gurutzatzen dira hainbat une eta eratan: klasea, arraza, jatorria, adina, nazioa, hizkuntza, orientazio sexuala, genero identitatea, itxura fisikoa, aniztasun funtzionala…”. EHEMMren arabera,intersekzioanlitateak markatzen du emakume bakoitzak gizartean izango duen posizioa eta aukerak. “Azken finean, biolentziaren aurrean zaurgarritasun maila zehazten du. Indarkeria transistemikoaren marko kontzeptualak bortizkeria errealitate horiek identifikatzeko balio du”, zehaztu zuten. Hori dela eta, “bazterretan kokatzen diren identitate zapaldu guztiak ikusgarri bihurtzea” izango dute erronka, hierarkizaziorik gabe. Hala, autodefentsa feminista antolatzeko aldagaiak aztertu zituzten jardunaldiko partaideek: egungo zailtasunak, indarguneak, salaketa formatuak eta beste.
“Feministen herria”
Ikasturte betea dator feminismoari dagokionez, Euskal Herri mailan ere. Urriaren 22tik 28ra nazioarteko topaketak antolatuko dituzte, mugimendu feministako 40 herrialde baino gehiagotako ordezkariekin. Iruñea izango da bilgune. Urriaren 27an, aldiz, “Feministon herria” bihurtuko dute Bilboko Areatza.
Feminismoaren loratzea, baina, hasia da dagoeneko Aiaraldean. Azken hilabeteetan makina bat ekintza egin ditu Aiaraldeko Mugimendu Feministak. Hurrengo hitzordua ekainaren 9an izango da, Aiaraldea Ekintzen Faktorian. Hain zuze, “Aiaraldeko emakumeen I.Topaketa Feministak” prestatzen ari dira sare-lanean.
Aiaraldeko emakumeen Topaketa Feministetan parte hartzeko deia
Euskal Herriko Mundu Martxako saioaren ostean, Aiaraldeko emakumeen topaketa feministen berri eman zuten. Hala, parte hartzeko deia luzatu zuten bertaratuek. Ekainaren 7an bukatuko da izena emateko epea. Bestalde, ostiral honetan 19:00etan spota grabatzeko Faktorian agertzeko gonbita zabaldu zieten eskualdeko emakume orori.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!