Europako Migrazio eta Asilo Itunak pertsona migratzaileen aurkako praktikak legeztatuko dituela salatu dute
Datozen egunetan onartu nahi du Europar Batasunak Migrazio eta Asiloaren Ituna. Bachué elkartea, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Amnistia Internacional itunaren aurka agertu dira eta elkarretaratzea ere egin dute protesta gisa, Gobernu Ordezkariordetzaren aurrean.
Migrazio eta Asilo Ituna Giza Eskubideen eta Europaren balioen “aurkakoa” dela salatu dute kolektiboek, eta eskuin muturraren agendak markatu duela.
Azaldu dutenez, dagoeneko ematen diren hainbat praktika “legeztatu eta zabaltzea” ekarriko du ituna onartzeak. Horien artean honakoak aipatu dituzte:
- Estatu kide bakoitzak “Hirugarren Herrialde Seguruen” zerrenda egingo du, eta horrek esan nahi du nazionalitate horiek dituzten pertsonek ezin izango dutela asilorik eskatu Batasuneko estatuetan.
- Berehalako kanporatzeak eta deportazioak legeztatuko dira eta Frontexek erabateko askatasuna izango du.
- Dublingo Itunaren epea luzatuko da, eta, beraz, oraindik egoera erregularizatu gabe duten pertsonen egoera are larriagoa izango da.
- 6 urtetik aurrerako umeak ahalko dituzte deportatu eta aurpegi eta hatz-marken azterketak egin.
Gogorarazi dute, gainera, Europako herrietara iristea lortzen duten pertsona migratuek desberdinkeria jasan behar dutela, eta forma askotako arrazakeria.
“Heriotza eta kanporatze politikak” amaitzea exijitu dute eta errespetua, berdintasuna eta duintasuna oinarri izango duten migrazio-politikak egitea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!