Zuiako XIII. Gazte Eguna ospatuko dute larunbatean, urtetik urtera “antolakuntzaz aurrera” egiteko
Uztailaren 9an, Murgiako plazan, egun osoko egitaraua antolatu du Zuiako Gazte Asanbladak. Kirola, bertsoak, bazkaria eta kontzertuek girotuko dute eguna, besteak beste.
Larunbat honetan, uztailak 9, ospatuko da Zuiako Gazte Eguna. XIII. edizioa da aurtengoa eta “Urtetik urtera antolakuntzaz aurrera” lelopean antolatu dute.
Egitarauari dagokionez, 10:00etan hasiko da eguna, Murgiako plazan montajea egiteko. Ondoren, 12:00etan, kirol jarduerak hasiko dira: 3×3 txapelketak, eskalada, sokatira, pala eta esku-pilota.
Eguerdian, 13:30etan, bertso poteoan arituko dira Maddi Aiestaran, Eli Zaldua eta Libe Goenaga bertsolariak.
Gazte bazkaria egingo da gero. Instagram bidez (@zuiakogazteasanblada) edo emailera idatzita (zgaztetxea@gmail.com) eman daiteke izena. 10 eurokoa da prezioa langileentzako, 8 ikasle eta langabeentzako.
Ostean, mus txapelketa antolatu dute, eta musean ikasteko txokoa ere bai, ikasi nahi duenarentzako.
Arratsaldetik aurrera musikak hartuko du protagonismoa. DJ Montxis herrian barrena giroa berotzen hasiko da 19:00etan. Amaitzeko, 21:00etatik aurrera, kontzertuak eta ekitaldia egongo dira.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!