Zer gertatzen ari da Gasteizen? Green Capitaletik, Squat Hiriburura
Gasteizko okupazio mugimendua pil-pilean dago: Gaztetxea, Errekaleor Bizirik, Arkillos 10, SUmendi gazte espazioa, Gazte Emantzipazio Sareak (GES) berreskuratutako Ensanche 21en etxebizitza hutsak… Protagonisten hitzak bildu ditugu mahaiaren inguruan. Arrazoi ezberdinak direla-eta, mintzakideek nahiago izan dute izen pertsonala gorde eta bakoitzaren proiektuetako kide gisa hitz egitea.
Hala Bediko Mikel Buruagak Argia.eus-en publikatutako erreportajea
Errekaleor auzo autogestionatuan maiatzaren 18an agindutako argi mozketa inflexio-puntu erabakigarria izan da Gasteizen. Alde batetik, Errekaleor eztabaida politikoaren erdigunean jarri eta, bestalde, hiria ulertzeko modu ezberdinen arteko talka agerian geratu da berriro ere, Javier Marotok alkate izateari utzi zionetik bi urte baino gehiago pasa direnean.
“Okupazioaren boom-a? Bai zera!”
Izotza apurtzen lehena izan da Gaztetxeko kidea, gainontzeko mahai-kideak okupazio mugimenduaren eztandari buruz harrotasunez hitz egiten hasi direnean: “Gezurra da boom-a dagoela. Okupazioa betidanik izan da Gasteizen”.
Eztabaida piztu da, baina arrazoirik ez zaio falta. Izan ere, 2018ko apirilaren 28an, San Prudentzio egun batez, 30 urte beteko dira 300 lagun inguruk apezpikuaren jabegoko eraikin bat gaztetxe bihurtu zutenetik. Eta 1983ko abuztuaren 6an, hiriko jaiekin batera, uhinak okupatzeari ekin zion Hala Bedi irratiak ere. Belaunaldi oso baten soinu-banda izan zen Euskal Rock Erradikalaren garaiak ziren. Kalean “herri bat, gaztetxe bat” oihukatzen zen, baita gauzatzen hasi ere.
Gasteizko historiaren hamaika istorioren lekuko izan dira Muinoko Etxea eta Arabako irrati librea. Besteak beste, 2007ra arte alkate izandako Alfonso Alonsok (PP) gaztetxea desalojatu nahi izan zuenekoa. Alde Zaharra eraldatzeko PPk aurkeztu zuen PERI proiektuaren kontra, herritarrek egindako mobilizazioak geldiarazi zuen eraisketa plana eta udal gobernua aldatu zen. Herri mugimenduaren oroimenean gordetako bi data ezagutu behar dira egungo belaunaldia ulertzeko: 2005eko Gaztetxe Eguna eta 2008ko Piztu Gasteiz eguna. “Kritikotasun eta heldutasun eskola” izan da Gaztetxeko asanbladan duela bost urtetik hona parte hartzen duen kidearentzat: “Beti ibiltzen ginen Gaztetxean, atzean zegoen guztia ezagutu gabe. Ekintzara pasatzeko momentua zela ikusi nuen”.
Gaztetxea eta Errekaleor bereizteko –bakoitzaren aurrean udal gobernuak jarrera ezberdina du–, Gorka Urtaran alkateak egindako adierazpenak hizpide ekartzean, Errekaleor Bizirik-eko kideak argi dauka zergatia: “Gaztetxeak zutik dirau auzokideek eta herritarrek defendatu zutelako. 10 urte pasa dira eta, gaur egun, pentsaezina da Gaztetxerik gabeko Gasteiz”.
Solaskide guztiak ados dira. “Ez da okupazioaren boom-a, baizik eta boom mediatikoa”, adierazi du GESeko kide batek, hedabide nagusien papera kritikatuz. “Hala ere, argi dago hiri honetan zerbait berezia gertatzen ari dela”, prozesu historiko baten kulminazioaz mintzo da.
Azken hamarkadan, ugariak eta askotarikoak izan dira okupazio esperientziak. Guztiak aipatzeak luze joko luke. Gorabehera asko izan dituzte, baina gaur arte iraun duen esperientzietako bat da 2008an auzolanari esker berreskuratutako eta autogestioan oinarritutako Auzolana Pilotalekua. Espazio horretan udal gobernuak kafe antzoki bat eraikitzeko asmoak alarma gorria piztu zuen, baina tirabirak gaindituta, gaur egun zutik eta martxan jarraitzen du.
Beste batzuk iragankorragoak izan dira. Gentrifikazio proiektuek eta desalojoek bertan behera utzarazitakoak dira gehienak. Adibidez, ez dira gutxi izan etxebizitza funtzioak betetzeko Alde Zaharrean okupatu diren eraikinak: Aldabe, OkuPinto, Kutxitrill, Kutxi 103 –2006tik 2011ra–, San Francisco 3 –2011tik 2014ra–, eta abar. Bestalde, gaztetxeak auzoetan sortzeko ahaleginek gutxi iraun dute: Judimendin 2009an, Zaramagan eta Txagorritxun 2011n, eta beste.
Titularren atzean, hamaika amets
Proiektu asko martxan daude gaur egun ere, eta “okupazioaren boom-a” lau haizetara zabaltzen duten titularren atzean pertsona eta kolektibo asko eta askotarikoak daudela agerian geratzen ari da. Bizi-bizirik daude, eta euren historioa, esperientzia eta bizi-proiektuak sozializatzen ari dira.
Arkillos 10
2010ean, udal-jabego publikoko eraikin hau okupatu zuen gazte talde batek Alde Zaharreko Arkupetan. Udalak zazpi urte lehenago, 2003an, erosi zuen eraikina, baina ez erabilpenik dio eman. Egun, gazteek, 12 pertsonarentzako etxebizitza, bizikleta tailerra eta kultur-espazioa prestatu dituzte eraikinean.
Neurrigabeko alokairurik ordaindu gabe, komunitatean, duintasunez, bizitzeko aukera dela azpimarratu du Arkillos 10 proiektuko kideak. “Nire burua eta jende eta esperientzia berriak ezagutzeko aukera izan da: beste herrialde batzuetako pertsonak, familia eredu eta belaunaldi ezberdinak…”.
Errekaleor Bizirik
2013ko irailaren 3an, ia hutsik zegoen Errekaleor auzoan eraikin bat okupatu zuen ikasle talde batek. Lau urte geroago, argindarrik gabe eta Udalak zein Ensanche 21 hirigintza elkarte publikoak bultzatutako eraisteko mehatxupean, “Europako irla energetikorik handiena” bihurtzeko erronka hartu dute bere gain han bizi diren 150 lagunek. Horrez gain, baratzea, okindegia, inprimategia, gaztetxeam zinema eta beste hamaika proiektu sortu dituzte auzoan.
“Etxebizitza eskubidea bermatzeaz gain, bestelako bizi eredu oso bat praktikara eramateko aukera” izan da Errekaleor duela bi urte auzora iritsi zen kidearentzat. “Harreman kolektiboak, bizitzaren intentsitatea eta proiektuaren transzedentzia” azpimarratu ditu.
SUmendi Gazte Espazioa
Judimendi auzoko gazte asanbladak, 2016ko ekainaren 23an, Benito Ginea kaleko lokal huts bat ”berreskuratu” zuen eta iazko urriaren 28an ireki zituen ateak. Ia urtebeteko auzolanaren ostean, maiatzean SUmendi Eguna antolatu zuten, “aisialdi askea eta auzoari zuzendutako proiektuak” bultzatzeko helburuarekin. “Auzoarekiko harremana eta zaintza kolektiboa” landu nahi dituzte bereziki SUmendiko kideek.
Gazte Emantzipaziorako Sarea
Maiatzaren 29an, “etxebizitza duina bermatuta ez duen gazte orori okupatzeko” deia luzatuz aurkeztu zuen GESek bere burua. Lehenago, apirilean, Ensanche 21en hiru eraikin okupatu zituen gazte talde batek Alde Zaharrean, sei urtez hutsik egon ostean. Ondoren, “argi mozketak, identifikazioak eta mehatxuak” salatu dituzte. Bitartean, oihartzun mediatikorik gabeko beste okupazio batzuk egiten ari dira, eta hala, aurtengo abuztuaren 3an, Corre kaleko 127. zenbakiko eraikin oso bat okupatu zuen beste gazte talde batek.
Martxoko Iraultzaren seme-alabak
Okupazio mugimendu honen bilakaera eta testuingurua ulertzeko gako bat azpimarratu du GESeko kide batek: “Errekaleor okupatzeko ideia Zaramagako eliza okupatu zenean jaio zen, 2013ko martxoaren 3an, eta irailean gauzatu zen”.
Gaztetxeko kideak ere “belaunaldi berri bat” identifikatu du 2012an Gasteizko gazte mugimenduak abiatutako ‘Martxoko Iraultza’-rekin batera. Badirudi ‘Gazte Blokea’-k hazia erein zuela. 2008tik datozen krisialdi ekonomikoa, langabezia, prekarietatea, Euskal Herriko gatazka politikoaren “noraeza” eta abar luze bat ere agertzen da fenomeno honen atzean.
“Gasteizen denok ezagutzen dugu elkar”, dio SUmendiko kide batek, proiektuen arteko harremanak eta elkarlana goraipatuz. “Errekaleor txinparta izan da eta orain hedatzen ari da”.
Marotoren itzal luzea
Ensanche 21 hirigintza elkarte publikoak 111,5 milioi euro zituen kutxan Javier Marotok alkatetza hartu zuenean; legealdia bukatu zuenean, ordea, 20 milioiko zorra. Gaztetxeko kideak hitzak jarri dizkie kalean entzuten diren zurrumurruei: “Argi dago PP eta EAJren arteko itunaren testuinguruan, Marotoren itzalak eragina izan duela Urtaranen jarrera aldaketan, Bizkaian egoitza duen Euzkadi Buru Batzarraren bitartez”.
“Hau ez da Bilbo. Urtaranek ez daki non sartu den. Ez dituzte ezta prozedura judizialak ondo egiten. Badakite ezin dutela Errekaleor desalojatu, baina alarma piztu dute ustelkeria eta trapu zikinak ezkutatzeko”, gehitu du GESeko kide batek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!