Zaldibarreko hondamendiak hiru hilabete beteko ditu, gertatutakoak eta erantzukizunak argitzeke
Bihar, maiatzak 6, hiru hilabete beteko dira Zaldibarreko zabortegia amildu zenetik eta zabor azpian desagertuta jarraitzen dute Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak. Zaldibar Argitu Plataformak burrunbada deitu du asteazkenerako Euskal Herriko balkoietatik gaueko 20:30etan, ondoren "Zaborrezko Munstroa" abestia jartzea eskatu dute
Hiru hilabete beteko dira maiatzaren 6an, Verter Recycling enpresak kudeatutako Zaldibarreko zabortegia amildu zenetik. Ordutik zabor azpian desagertuta jarraitzen dute Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, zabortegiko beharginak.
Zaldibar Argitu plataformatik ohartarazi dute, Jaurlaritzak ez duela azken hilabetetan herritarren aldarrikapen bakar bat ere bete: «Dagoeneko ez dakigu nola esan. Nahikoa dela. Aski dela. Honekin bukatu behar dutela». Desagertutako langileak aurkitzea, zabortegian gertatu zenaren inguruko argipenak ematea, egun bilaketa lanetan dauden langileen segurtasuna bermatzea edota Iñaki Arriola sailburuaren dimisioa dira, besteak beste, plataformaren aldarrikapenak. Guztiei egin diete entzungor erakunde publikoek.
Desagertutako bi langileen gorpuak desagertuta jarraitzeaz gain, inguruko herriek zabortegiaren mehatxupean jarraitzen dute. Iragan astean sute berri bat piztu zen zabortegian bertan.
Maiatzak 6: Burrunbada balkoietan
Euskal Herriko balkoietatik 5 minutuko burrunbada deitu du Zaldibar Argitu plataformak biharko maiatzak 6, iluntzeko 20:30etan. Ondoren Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren omenez kandela bi pizteko eta hainbat euskal musikarik sortutako “zaborrezko munstroa” kanta bozgorailuetatik jartzea eskatu dute.
Eibar, Ermua, Zaldibar, Elgeta, Mallabia, Zalla eta Markina-Xemeingo herriko plazetan, gainera, guneak atonduko dituzte herritarrek lore eskaintzak egin ditzaten.
Zaldibarreko hondamendia
Otsaila hasieran Zaldibarreko mendi magal batean jaso zen luiziak, herri horretako Verter Recycling 2002 SL enpresak kudeatzen duen zabortegiko milioi erdi tona amildu zituen AP-8 autopistaraino. Geroztik bi behargin desagertuta jarraitzen dute hondakin pilaren azpian.
Desagertutako langileen bilaketa lanak abiatu eta ordu batzuetara amiantoa aurkitu zuten larrialdi zerbitzuek zabortegiko hondakinetan. Antza, enpresak amiantodun 4.239 tona material metatu izan ditu urteetan zehar Zaldibarreko zabortegian.
Airearen kalitatearen neurketek kutsadura maila oso altuak detektatu zituzten gainera zabortegiaren inguruko herrietako auzokideak arriskuan jarriz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!