“Zaintza lanen egungo antolamendu soziala eraldatu nahi dugu”
Azaroaren 30erako deitutako Greba Feminista Orokorra gertu dugu dagoeneko. Gasteizko Mugimendu Feministako kideekin solasaldia egin dugu Hala Bedin, grebaren nondik norakoetan sakontzeko.
Zer helburu du azaroaren 30eko greba feminista orokorrak?
Denon Bizitzak Erdigunera plataformak bultzatuta, baina beste eragile, sindikatu eta kolektiboekin batera eraikitako prozesu kolektiboa da. Helburua bi planotan eragitea da: epe laburrean, gaur egun urgenteen eta kolapsatuen dauden egoerei buelta ematea; eta epe luzera begiratzea eta bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial bat imajinatzea eta definitzea, sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gaindituko dituena.
Zergatik greba? Zergatik feminista? Eta zergatik orokorra?
Greba ez da helburua bere horretan: prozesu luzeago baten baitan kokatzen dugun tresna bat da. Euskal Herrian denbora dezente daramagu zaintzaren gaiari buruz hausnartzen, zehazki, 2022ko otsailean Bizitzak Erdigunean koordinadorak mugimendu feministako barne mailako jardunaldiak bultzatu zituen gaur egungo zaintza sistemari buruz eztabaidatzeko eta mobilizazio bide orri bat planteatzeko. Geroztik, 2022ko udazkenean Euskal Herrian zehar burutako asanblada feministetan greba feminista orokor bat beharrezkoa zela erabaki zen, baita zaintzari lotutako Herri Akordio zabal bat ere, greba prozesuaren baitan kokatua.
Greba Feminista Orokorra da beraz, eta aurreko greba feministekin alderatuta, aldaketa bat dakar: oraingoan, ez daude soilik emakumeak, bollerak eta transak grebara deituta, baizik eta populazio osoa, baita gizonak ere. Zergatik? Ulertzen delako zaintza guztiok gurutzatzen gaituen auzia dela: zaintza ezin da negozio bat izan. Horregatik, zaintzarako eskubide kolektiboa aldarrikatzen dugu, guztiok daukagulako zainduak izateko eskubidea eta besteak zaintzeko ardura. Beraz, guztioi dagokigu zaintza-sistema publiko eta komunitario duin baten alde borrokatzea.
2018 eta 2019ko greba feministek zer lortu zuten? Aztarna utzi zutela uste duzue?
Azken urteetan (zehazki 2018an eta 2019an) burututako greba feministei esker, zaintza lanak, diskurtsoan bada ere, agenda politikoaren erdigunean kokatzen ari dira. Aspaldi daramagu zaintzari buruz hitz egiten, baina Covid-19ak lehertutako krisiak are ageriago utzi zuen gaur egungo zaintza-erregimena kolapsatuta dagoela.
Zergatik dago aldarrikapen nagusia zaintzaren inguruan? Zaintza lanak direla eta, zer diagnostiko edo analisi egiten duzue egungo egoerari buruz, bereziki Araban?
Gaur egungo zaintza-erregimena kolapsatuta dago: oso murritzak dira zaintza zerbitzuak eskaintzen dituzten gizarte-zerbitzu publikoak. Tradizionalki ulertu da familiak direla, zehazki emakumeak, zaintza lan horiek burutu behar dituztenak. Gainera, gero eta gehiago zaintza zerbitzuak pribatizatzen ari dira, negozioa bilakatzen ari dira, azpikontratazioen bidez eremu publikotik merkatu pribatura egin duten saltoa nabaria da. Adibidez, funts putreek nagusien egoitzak erosi dituzte eta enpresa multinazionalak ari dira egoitza publikoak gestionatzen. Horrek guztiak langileen lan baldintzak okertzen ditu eta zerbitzuaren kalitatea kaxkartzen du.
Horrez gain, politika publikoek sustatu dute merkatu pribatu informalaren erabilera, zergatik? Zaintza lanen beharrei erantzuteko zerbitzu publiko gehiago sortu beharrean, prestazio ekonomikoak sustatu dituztelako. Horrela, zaintza beharrak duenari (eta sarri, bere familiari) diru kantitate bat ematen zaio, murritza gainera, eta familiek askotan emakume etorkin bat bilatzen dute senidearen zaintza beharrak bermatzeko. Etxeko lana ez dago lan erregimen orokorrean sartuta. Langileak babesgabe daude. Era berean, atzerritartasun legeak eta honi lotutako arrazakeria instituzionalak inposatutako trabek ez diete emakume etorkinei bestelako lan aukerarik eskaintzen.
Arabako kasuan, esan dezakegu zaintzari lotutako zerbitzu asko azpikontrataturik daudela (adibidez, Eguneko Arreta Zerbitzua). Gainera, nagusien egoitzetan hitzarmen propiorik ez da lortu eta hitzarmen estatala aplikatzen da (soldata 900 eurokoa hilean). Horrez gain, egoitza txikiak nagusi dira eta lan ikuskaritza ez da iristen.
Zer nolakoa litzateke zaintza sistema publiko-komunitarioa?
Guk zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin nahi dugu; hau da, pertsona guztiek, bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde egin nahi dugu.
Zaintza lanen egungo antolamendu soziala eraldatu nahi dugu. Gure ustez, publiko izateak zaintzarako eskubidea bermatu behar du (eskubide sozial gisa ulertuta). Sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak guztion eskura egon behar dira. Gainera, merkantilizatu gabeko publikoa izan behar du.
Komunitateaz aritzea bizitza komunaren logikan eraikitzearen aldeko apustua egitea da, baina komunitateak ez du bete behar administrazioek estali gabe uzten duten hori. Komunitatea tokian toki sustraitzen da, eta udalgintzaren bitartez publikoarekin elkarlotu daiteke.
Zaintza-sistema publiko-komunitarioa kokatua izan behar du, eta bere osotasunean heldu behar zaio. Hau da, tokian tokiko testuinguru zehatzak aintzat hartuko ditu, baita bizi-zikloaren une, egoera eta testuinguru anitzak ere.
Hainbat emakume taldek greba eskubiderik ez dutela salatu zuten, baldintza bereziki prekarioetan lan egiten dutelako, gehienak emakume arrazializatuak eta migratuak.
Argi dago gai konplexua eta eztabaida handikoa dela. Emakume migratu eta arrazializatuen kolektibo batzuek grebarekin bat ez egitearekin markatu dute beren estrategia, eta beste batzuk, aldiz, bereziki etxeko eta zaintzako langileenak (migratuak eta arrazializatuak) hasieratik egon dira prozesuan, eta grebarako deialdia egin dute.
Gaur egun, kolektibo batzuek estrategia bat aukeratzen dute, eta estrategia horrek erdigunean jartzen ditu soilik emakume arrazializatuen eta migratuen arteko espazioak, eta beste batzuek, berriz, elkartasun- eta aliantza-espazioak sortzea bilatzen dute, eremu mistoetan lankidetzan arituz. Bi jarrerak errespetatzen eta ulertzen ditugu.
Gainera, azpimarratu behar da prozesuan egon diren kide migratu eta arrazializatuei esker eduki eta aldarrikapen asko landu ditugula, eta horiek gabe ziurrenik ez lirateke lehen planoan egongo. Adibidez atzerritartasunari buruzko legea ezabatzea, emakumezko langileak erregularizatzea, eta abar.
Feminismoak askotarikoak dira, eta mugimenduen barruan jarrera eta ahots desberdinak daude. Ulertzen dugu planteatutako kritika batez ere tresnari egiten diola erreferentzia (grebari), ez edukiei. Guretzat, esan bezala, greba soilik tresna bat da eta ez helburua. Hortaz, ulertzen dugu beste edozein proposamen bateragarria dela horrekin.
Zer egin daiteke greban parte hartzeko?
Greba aurreko egunean, arratsaldeko 20:00etan etxeko lehioetatik kazerolada egingo dugu. Egunean bertan goizeko 5etan piketeekin hasiko gara denak goizeko 08:00etan Eusko Jaurlaritzan batuz. Goizean zehar ere auzoetan hainbat ekintza burutuko dira eta gune desberdinak izango ditu ibilbideak aldarrikapen konkretuekin. 18:00etan manifestazioa hasiko da San Anton plazatik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!