Zaballako espetxeraino iritsiko da larunbateko martxa
Egun, zortzi euskal preso politiko daude Zaballako espetxean: Altsasuko zazpi gazteak eta larriki gaixorik dagoen Txus Martin bizkaitarra. “Ez da Ezker Abertzalearen auzia, Euskal Herrian, bizikidetza eta bakea lortzeko, denok dugu ardura aurreko zikloa era integral batean ixteko”, adierazi du Kalera Kalera dinamikak.
‘Bada garaia. Presoak Kalera’ lelopean, eguberrietan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeetara martxa bana eta Iruñean manifestazioa deitu ditu Kalera Kalera dinamikak. Ernai, LAB eta Sortu eragileek partekatzen duten dinamikak “unearen garrantzia” nabarmendu nahi du martxa hauekin.
Azken urteetan ohitura bilakatu den moduan, Arabako kartzelara ere bertaratzeko deia egin du hortaz Ezker Abertzaleak. Aurreko urtean, adibidez, ehunka lagun bildu ziren espetxe gainean dagoen magalean ‘Euskal Presoak kalera’ irakur zitekeen pankartarekin, ikurrinekin eta bestelako aldarrikapenekin lagunduta.
Zaballako espetxera egingo duten martxa larunbatean izango da, abenduaren 22an. 11:00etan jarri dute hitzordua, Subillanan, baina bertara hubiltzeko autobus bat ere eskuragarri egongo da, 10:30ean aterako dena San Anton plazatik. Autobusean izena emateko, Txapelarri tabernan (Kutxi kalea) izena eman behar da.
Gaur egun, Zaballako espetxean zortzi euskal preso politiko daude: Altsasuko zazpi gazteak eta larriki gaixorik dagoen Txus Martin bizkaitarra. Lehenengo zazpiak, gutxinaka-guxtinaka hurbildu dituzte Araba eta jada bi urte bete dituzte espetxean. Martin, ordea, 2002.urtetik dago espetxeratuta eta 2011n nahasmendu psikoafektiboa diagnostikatu zioten. Hori dela eta, haren askatasuna exijitu dute behin baino gehiagotan eragile ezberdinek, tartean, 3.000 sinadura entregatuz espetxe zuzendaritzari.
“Ezker Abertzaleak egindako borrokari eta lanari esker Estatuaren espetxe-politika ankerra baldintzatzea eta pitzatzen hastea lortu du. Orain, PSOE Gobernuan dela, gure ildoa egokitzen asmatu behar dugu. Finean, Estatuaren politikarekin apurtzeko eskemak baliagarria izaten segitzen du, baina egoera berrira egokitu behar dugu. Unea ondo interpretatu behar dugu”, adierazi dute antolatzaileek. “Horretarako, konponbidearen agenda adostu behar dugu euskal jendartearekin. Ez da Ezker Abertzalearen auzia, Euskal Herrian, bizikidetza eta bakea lortzeko, denok dugu ardura aurreko zikloa era integral batean ixteko”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!