Zabaleko Bizirik! plataformak jakinarazi du asteartean, uztailak 13, mobilizazioa egingo duela Amurrion, Zabaleko eskolaren etorkizunaren eta kalitatezko hezkuntza publikoaren alde.
Zabaleko Bizirik! plataformak deituta uztailaren 13an manifestazioa egingo da Amurrion. Zabaleko eskolaren etorkizuna argitu dadin eskatzea da helburua. Ibilaldia Zabaleko eskolan hasiko da 19.30etan eta Amurrioko udaletxean bukatu.
Bilerak hezkuntza-sailarekin
Joan den uztailaren 6an, Zabaleko guraso-elkartea Hezkuntza Saileko arduradunekin bildu zen Gasteizen. Bilera hori guraso-elkarteak eskatuta egin zen eskolaren etorkizuna ezagutzeko asmoz. Izan ere, aurreko bilera batean, maiatzaren 20an, Mendiko eta Zabaleko ikastetxe publikoen arteko bat-egitearen berri eman zuen Hezkuntza Sailak; baina, bi hilabete igarota, oraindik ez du eskolaren etorkizuna argitu eta “lotsarik gabe aipatu dute Mendiko eta Zabaleko ikastetxe publikoen arteko bat-egiteari buruz ez zela inoiz hitz egin”.
Gauzak horrela, mobilizatzeko beharra ikusi du plataformak.
Fusioaren aurka eta kalitatezko hezkuntza publikoaren alde
Zabaleko Bizirik! plataformak bi eskolen fusioaren aurka eta kalitatezko hezkuntza hurbil, publiko eta euskaldunaren alde borrokan jarraituko dutela adierazi du: “bilera honetan ez delako benetako konpromisorik eman (konpromiso ekonomikoak)”, “haurren matrikula publikoa bermatu nahi dugulako”, “makrozentruen kontra gaudelako” eta “lanpostuen alde egingo dugulako”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!