Venezuelaren aurkako “esku-hartze inperialista” salatzeko mobilizazioak iragarri dituzte
“Legearen arabera lehendakari izendatua izan den Nicolás Maduroren zilegitasun demokratikoa” aldarrikatuko dute. Venezuela Aurrera Plataformak deituta elkarretaratzea egingo dute ostiralean Gasteizen.
Asteazkenean, urtarrilaren 23an, Venezuelako oposizioak deitutako manifestazioa behin amaituta, Juan Guaido Asanblea Nazionaleko presidenteak eta oposizioko buruak behin-behineko presidente izendatu zuen bere burua. Minutu gutxira, Donald Trump Estatu Batuetako presidentea izan zen aurrenekoa, ohar baten bidez, oposizioko buruzagia presidente gisa aitortzen.
Nicolás Maduroren erantzuna ere berehalakoa izan zen: eskuinaren kolpetzat jo zuen izendapena eta subiranotasuna aldarrikatu zuen “botere inperialistaren” aurrean. Mexikok, Boliviak eta Errusiak, besteak beste, Maduro babestu dute; Kanadak, Argentinak, Brasilek edo Ekuadorko gobernuek, berriz, Guaido.
“Esku-hartze inperialista” hau salatzeko asmoarekin, Venezuela Aurrera Plataformak mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko leku ezberdinetan. Ohar batean adierazi dutenez, “elkatasun internazionalista eta Batzar Nazional Konstituziogilearen zilegitasun demokratikoaren defentsa aktibatzea behar-beharrezkoa dela uste dugu eta, beraz, legearen arabera lehendakari izendatua izan den Nicolás Maduroren zilegitasun demokratikoa“.
Oposizioa “kolpistatzat” jo du plataformak eta “oligarkiaren interesei erantzuten dien pertsona bat ezartzeko” bidea prestatzen ari duela ohartarazi nahi izan du. “Hau ez da Venezuelako herriaren borondate demokratikoaren hautua izan”, salatu dute.
Ernai Gazte Antolakundeak ere oharra kaleratu du, ostiraleko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatuz: “Juan Guiadóren presidentetza usurpatze nahiak kanpo esku-hartzearen estrategia inperialista laguntzea beste helbururik ez du”.
“Gobernuaren zilegitasunaren alde”, kalera
Honen guztiaren aurrera, Venezuela Aurrera Plataformatik orain dela egun batzuk deitutako mobilizazioak mantendu eta hauetan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.
Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta Altsasun egingo dituzte elkarretaratzeak urtarrilaren 25ean; Gasteizko kontzentrazioa ostiralean bertan izango da, 19:30ean Andra Maria Zuriaren plazan.
-
Nicolás Maduro agradece las muestras de cariño recibidas en Gasteiz
-
Kaleak hartu eta herri eskolak antolatu dituzte Hispanitatearen jai egun arrotza salatzeko
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!