Urte bete igaro da TALKA espazioaren dealojotik, bertan atxilotutako bi pertsonek epailearen aurrean deklaratuko dute martxoaren 4ean
2019ko otsailaren 21ean dealojatu zuen Gasteizko Udaltzaingoak, inongo agindu judizialik gabe, Alaba Belasko jauregian ezarrita zegoen TALKA espazio feminista. Hiru hilabetez luzatutako egitasmoari ateak itxi zizkioten horrela. Proiektuak, ordea, aurrera jarraitu du: Hedegile kalean espazio berri bat okupatu zuten iragan abenduan eta sisteman ataka berriak sortzen jarraitzen du TALKAk.
Urte bete igaro da Gasteizko Udaltzaingoak TALKA espazioa zena desalojatu zuenetik. 2019ko otsailaren 21ean, inongo agindu judizalik gabe, Alaba Belasko jauregian agertu eta hau hustu zuen, 2018ko abenduaren 15ean martxan jarritako proiektuari ateak itxiz.
Agindu judizialik gabeko desalojo bortitza
Goizeko 11:00etan hasi zen dena, hainbat udaltzain patruila Zapatari kalean dagoen jauregira gerturatu ziren, bertako sarraila aldatu behar zuen langile bat babestera, haiekin batera eraikinaren jabe bezala identifikatu zen gizon bat ere azaldu zen.
Poliziak ez zuen agindu judizialik ez baitzen desalojorik gauzatu behar, baina eraikin barruan inongo jarduerarik ez zegoela baliatuta, TALKA espazio barrura sartu ziren udaltzainak, hau bereganatzeko helburuarekin. Gerturatu ziren Talkako kideei 10 minutu eman zizkieten barrura sartu eta ahal zutena ateratzeko.
Jauregi aurrean, hau bebesteko helburuarekin, elkartu ziren espazioko kideek behin eta berriz esaktu zioten Udaltzaingoari desalojo agindua baina ez zieten inongo agiririk erakutsi. Minutu gutxira Ertzaintza ere gerturatu zen Alaba Belasko jauregi atarira, udaltzainak izan ziren, ordea, TALKA espazioa defendatzera gerturatutako dozenaka emakumeen aurka bortizki oldartu zirenak.
Poliziak espazioa defendatzen zeuden emakumeak gainditu eta eraikin barrura sartzea lortu zuenean tentsioak are gehiago egin zuen gora eraikin barruan zegoen emakume bat eraman baitzuten atxiloturik. Kanpoalden ere beste atxiloketa bat egin zuten udaltzainek.
Atxilotuetaz gain, Talka babestera gerturatutako pertsona ugari izan ziren identifikatuak, tartean Hala Bediko kazetari bat.
Epaiketa martxan
Urte bete igaro den honetan TALKA babestera gerturatu zirenetatik inork ez du zitazio judizialik jaso eraikina okupatzea egotzita. Espazio feministako kideen iritziz zitazio judizial baten faltak agerian uzten du “agindu judizialik gabeko desalojo ilegal bat” izan zela. Gainera Gasteizko 2. zenbakiko instrukzio epaileak artxibatu egin zuen usurpazioagatik irekita zegoen espedientea, desalojoa gertatu baino hilabete lehenago.
Desalojoan atxilotutako bi pertsonen aurkako epaiketa abian dago ordea. Datorren martxoaren 4ean igaro beharko dira epailearen aurretik deklaratzera. Egun horretarako elkarretaratzea deitu dute TALKAko kideek, desalojoa salatu eta epaituei babesa adierazteko, 12:30etan epaitegien aurrean.
8.-Honen aurrean, desalojoa salatzeko eta epaituei babesa emateko elkarretaratzea deitzen dugu, martxoaren 4an 12:30etan Epaitegien parean. HAU EZ DA EPAIKETA BAT, KAPITALAREN ANTZEZLANA DA! pic.twitter.com/wVmymBmCyF
— Talka (@TalkaGasteiz) February 21, 2020
Ate bat itxi berri bat zabaltzeko
2019ko otsailaren 21ean poliziak Alaba Belasko jauregiko ateak itxi bazituzten ere ez zuten TALKA proiektua gelditzea lortu. Hilabete batzuk beranduago, 2019ko abenduan espazio berri baten ateak ireki zituzten TALKAko kideek, Zapatari kalean abiatutako proiektuari Hedegile kalean emateko segida.
Hain zuzen, Adolfo Dominguezena zen denda ohian sustraitu da berriro TALKA proiektu feminista, «sisteman arrakala bat» sortzeko asmoarekin. Hilabete hauetan ekintzez eta egitasmoz bete dute okupatutako espazio berria «auzo botera eta auzo defentsa feminista» eraikitzeko tresna eraginkor bat garatzeko helburuarekin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!