Urriaren 21ean egingo dute AskeRock, Mendizabalan ospatuko den elkartasun jaialdia
Willis Drummond, Eskean Kristo, Esne Beltza, Bad Sound, Riot Propaganda, Mafalda, Txarango eta Zoo taldeek hartuko dute parte. Euskal preso eta iheslarien egoera sozializatu nahi dute jaialdiarekin, dispeertsioak eragiten dituen gastuei aurre egiteko dirua biltzeaz gain.
AskeRock. Hori da urriaren 21ean Gasteizko Mendizabala eremuan ospatuko den elkartasun musika jaialdiaren izena. Aurkezpenean azaldu dutenez, “pertsona errepresaliatu ezberdinek pairatzen duten giza eskubideen urraketarekin arduratuta dauden norbanako ezberdinek” sortu dute jaialdi hau.
Helburu ezberdinak izango ditu jaialdiak. Haietako bat, euskal preso eta iheslariek pairatzen duten egoera sozializatzea izango da; bestea, aldiz, dispertsioak eragiten dituen gastuei aurre egiteko dirua biltzea izango da.
Gogoratu dutenez, egun, 29 pertsona daude preso Araban. Batez beste, etxetik 660 kilometrotara daude; hau da, senide eta lagunek 1.300 kilometro baino gehiago egin behar dituzte bisita bakoitzeko. Beste modu batean esanda, 20.000 € suposatzen die dispertsioak senide eta lagunei urtero.
“Ez gara libre izango haiek ASKE izan arte” leloa izango duen jaialdian zortzi talde egongo dira: Willis Drummond, Eskean Kristo -bideokliparen abestia egingo dute-, Esne Beltza, Bad Sound, Riot Propaganda, Mafalda, Txarango eta Zoo.
Sarrerak
Hurrengo egunetan emango dute jakitera non salduko diren sarrerak. Aurreratu dutenez, 16 €-ko prezio izango dute sarrerek lehenago erosiz gero eta 22 € egunean bertan -edalontzia prezioaren barruan sartzen da-.
Sare sozialetan emango dute salmenta guneen berri. Horretarako kontu ezberdinak sortu dituzte:
Twitter: @AskeRock
Facebook: AskeRock
Instagram: AskeRock
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!