Uholde morea, bizitzak erdigunean jartzeko
Beste urte batez, milaka emakume, trans eta bollerek Arabako kaleak hartu dituzte, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituriko grebaren baitan. Kapitalismo heteropatriarkalari planto egin eta aldarri feministaz bete dituzte eskualdeak eta hiriburua. Iaz historikoa izan bazen, aurten muga guztiak gainditu ditu grebak. Amorrua, haserrea, harrotasuna eta indarra kalera atera dituzte emakumeek*, iraultza feministarako oinarriak errotuz. Hala Bedik orduz ordu egunak utzitakoa bildu du eta eguneko irudiak biltzeko argazkiak eta bideoak jaso ditu.
Bost ardatzen baitan antolaturiko greba
Zaintza, lana, kontsumoa, pentsiodunak eta ikasleak. Bost ardatz horien baitan antolatu dute eguneko egitaraua. Goizean goiz, irekita zeuden komertzioetan piketeak egin dituzte auzoz auzo, kontsumo basatiari planto egin asmoz. Lan grebak egun osoz edo ordu batzuez geldiarazi ditu hainbat ikastetxe, komertzio eta lantoki.
Egun osoan milaka emakume grebako deialdietan
08:00ak aldera dozenaka emakume* elkartu dira Gasteizko auzo ezberdinetan, hiriburua apaindu eta pikete informatiboak burutzeko. Salburua, Adurtza, Txago, Zaramaga, Arriaga, Alde Zaharra eta Judimendin elkartu dira emakumeak*, kontsumo basatiari planto egitea helburu. Auzoetako hainbat komertzio ixtea lortu ondoren, Corte Inglesen eta Boulevardean egin dute bat guztiek. Manifestariek Corte Ingleseko ateak ixtea lortu dute Ertzaintzaren jarrera oldarkorra gorabehera.
Goiza igaro ahala, gero eta emakume* gehiago bildu dira protestara, eta Parlamentua inguratu dute giza kate baten bidez. Ertzaintzak bi emakume* atxiki ditu eta atari banatan sartu, hauek babestera hurbildutako gainontzeko kideak kolpekatuz.
12:30ean Plaza Berria jendez bete da ekimen antifaxistari hasiera emateko. Andra Mari Zuriaren plaza ere bete da Plaza Berrira sartu ezin ziren emakumeekin*. Pankartak jende artean lekua egin duenean, Espainiako Gobernu Delegaritzaren aurreraino iritsi eta bertan eserialdia egin dute.
Politikari ultraeskuindarren aurpegiak zeramatzan pankarta bati su eman diote “Feminismoak zuen faxismoa garaituko du” lelopean eta amaiera eman diote, neurri batean, goizeko ekimenari horrela.
Santa Barbara plazan elkarrekin bazkaldu ondoren, Alde Zaharrean elkartu dira emakumeak* piketeekin jarraitzeko eta Gasteizko erdialdeko zenbait komertzio ixten jarraitu dute.
Arabako eskualdeetan ere planto egin dute emakumeek*
Mobilizazioak ez dira Gasteizera mugatu. Herriz herri, morez jantzi dituzte Arabako kaleak Gorbeialdea, Arabar Errioxa, Aiaraldea, Lautada, Mendialdea eta Añana kuadrilletan. Kotxe karabanak egin dituzte goizean, eguerdian mobilizazioetan hamarnaka emakume* bildu dira, eta dinamika ezberdinak egin dituzte bazkalorduan zein ostean.
Arratsaldean, berriz, eskualde ezberdinetako emakume* asko Gasteizera joan dira, hiriburuko manifestazio nagusian parte hartzeko.
“Ez gara inoiz joan”
Arratsaldeko manifestazioa historikoa izan da. Milaka eta milaka lagun, zenbatzeko zaila. Hala ere, horren aurretik bloke ezberdinak egon dira: neska* gazteen, antiarrazisten, Arabako emakumeen*, pentsionisten eta preso politikoen zaintzaileen blokeak. Mobilizazioa hasi denerako, kaleak gainezka zeuden eta ibilbidea amaitu denean jende ugari Frantzia eta Bake kaleetan zegoen oraindik.
Manifestazioaren erdia plazara iritsi aurretik ere, antolatzaileek hitza hartu dute eta grebaren bost ardatzak errepikatu; gogorarazi dute “emakume* asko falta direla greban, besteak beste, espetxe eta ABZetan dituztenak eta esplotazioaren ondorioz lanpostua utzi ezin izan dutenak”. Egungo egoera deskribatu dute: “Ultraeskuinaren gorakada, kapitalismo autoritarioaren berrasmatzea, bizi baldintzen muturreko prekarizazioa, borroka sozialen kriminalizazioa, planetaren kolapso ekologikoa, eta feminizidio sistematikoak”; nolanahi ere, egoera larri horren aurrean, emakumeok* batu eta faxismoari aliantzaz eta borrokaz erantzungo diotela esan dute.
Behin plaza beteta zegoela eta komunikatua irakurri ondoren, bengalen artean pankartak zabaldu dituzte plazan. Haietako batean, Talka proiektu feministaren mezua: “Ez gara inoiz joan”.
Erlazionatutako artikuluak
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!