Uharteko erailketa matxista salatu dute dozenaka lagunek
Gasteizko Mugimendu Feministak eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta, elkarretaratzea egin dute du ostegunean Huarteko erailketa matxista salatzeko. Protokoloa jarraituz, Arabako hiriburuan ez ezik, gainontzeko hiriburuetan ere elkartu dira.
Aurreko larunbatean, gizon batek larrialdi zerbitzuetara deitu zuen Uharteko bere etxetik, emaztea dutxan erori zela abisatzeko eta konortea galdu zuela jakinarazteko. Unean bertan poliziak bertaratu ziren Uhartera, eta ikusi zuten emakumeak kolpeka egin ohi diren zauriak zituela; haren senarrak ere, dei egin zuen gizonak, zauri batzuk zituela sumatu zuten.
Erizainek Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten emakumea, 38 urtekoa. Larri egon zen bi egunez, eta astelehen arratsaldean hil zen. Indarkeria matxistaren kasu bat izan zitekeela susmatuta, Foruzaingoa ikertzen hasi zen. Galdeketa batzuk egin, eta, azkenean, preso hartu zuten gizona, 41 urtekoa. Foruzaingoak berak jakinarazi du ikerketaren arabera gizonak maiz ematen zizkiola tratu txarrak emazteari.
Albistea jakin bezain laster Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak protokoloa aktibatu zuen elkarretaratzeak deituz Euskal Herriko hiriburuetan. Gasteizen ere, bertako Mugimendu Feministak deialdia zabaldu zuen eta hau babestu dute dozenaka lagunek Andra Maria Zuriaren plazan.
Argazkiak | Hala Klik
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!