Ugarituz doaz Patxi Ruiz euskal preso politikoaren aldeko elkartasun keinuak
10 egun beteko ditu Patxi Ruiz euskal preso politikoak gose eta egarri greban. Elkartasun keinuak ugaritzen doaz Gasteizen: Astelehenean abiatutako txandakako baraualdira 50 lagun batuko dira eta gaur arratsaldeko 20:30etan manifestazioa deitu du Aministiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak.
Gaur, 10 egun beteko dira iragan maiatzaren 11an Patxi Ruiz euskal preso politikoak gose eta egarri grebari ekin zionetik. Asko izan dira aste honetan Gasteizen agertutako elkartasun keinuak eta azken orduetan ugarituz doazenak.
Manifestazioa Andra Mari Zuriaren Plazatik
Gasteizko Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak manifestazioa deitu du Patxi Ruizen muturreko egoera salatzeko. Osasun eta segurtasun neurriak bermatuz, arratsaldeko 20:30etan abiatuko da manifestazioa Andra Mari Zuriaren Plazatik. Goizaldean Olarizuko gurutzean agertutako pankarta erraldoi batek manifestaziora batzeko deia egiten zuen.
50 lagun elkartasun baraualdian
Bi eguneko txandakako barauladiei eman zieten hasiera astelehenean, Murtzia II espetxean gose eta egarri greban dagoen Patxi Ruiz euskal preso politikoari elkartasuna adierazteko. Lau kidek 48 orduko barauladia abiatu zuten eta gaur, bi egun igarota, beste batzuek hartuko zuten ekimenaren lekukoa.
Patxi Ruizek bizi duen egoeraren larritasunaren aurrean, ordea, ekimena indartzea erabaki dute eta 5o lagun batuko dira gaurdanik baraualdira, 44 lagunek bi eguneko barauladia egingo dute, beste 6 lagunek 24 ordukoa. Gainera Astelehenean ekimena abiatu zuten lau kideetatik hiruk 48 orduz gehiago luzatuko dute baraua. “Burgesiaren ofentsibak kartzeletan hartzen duen dimentsioa borrokatu eta Patxi Ruizekiko elkartasuna antolatzeko unea” dela adierazi dute ekimenaren bultzatzaileek.
Patxi Ruiz egoera larrian
10 egun igaro dira Patxi Ruiz euskal preso politiko txantrearrak borrokaldia hasi zuenetik. Covid-19ak espetxeetan sortutako egoera salatzeko zenbait presok egindako mobilizazio baten ostean espetxeko zuzendariaren mehatxuak jaso zituen Ruizek, protesten antolatzaile izatea egotzita. Grebari ekin aurretik ebakiak egin zituen besoetan euskal presoak eta erizaindegian artatua izan zen.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak Patxi Ruizen medikuaren papera salatu nahi izan du, azken hiru egunetan ez baitu presoa bisitatu.
Hain zuzen, Covid-19ak sortutako testuinguruan, kolpe gogorra ari dira jasotzen Estatuko espetxeetako presoak: bisitak jaso gabe, senideen hiletara joateko baimenik gabe edota Covid-19 gaitzaren aurkako neurri eraginkorrik gabe aurkitzen dira besteak beste.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!