Txema Matanzas abenduaren 28an irtengo da espetxetik
10 urte eta 9 hilabeteko kondena beteko du Matanzasek espetxean, 18/98 auzia dela medio. Egun, Puerto III espetxean dago, Euskal Herritik 1.050 kilometrotara.
Txema Matanzas gasteiztarrari azken egunak geratzen zaizkio espetxean. Abenduaren 28an, ostegunean, gaur egun dagoen Puerto III espetxea atzean utziko du preso gasteiztarrak. Etxetik 1.050 kilometrora dago Matanzas.
2007ko azarotik dago espetxean. Izan ere, 18/98 auziaren baitan, Ekin atalean zigortu zuten Matanzas eta hamar urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zioten.
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta egin zuten operazioa, 1998ko uztailaren 15ean, Egin egunkaria itxiz eta hainbat lagun atxilotuta. Zazpi urte beranduago hasi zen epaiketa, baina behin betiko sententzia 2009an eman zuen epaileak: 38 lagun zigortu zituen -Txema Matanzas tartean- eta bederatzi absolbitu. KAS, Ekin eta Xaki legez kanpo utzi zituen.
Gabonak, elkartasun ekimenez beteta Araban
Kalera Kalera!-k antolatuta, Zaballako kartzelara martxa egingo dute abenduaren 23an. Dinamikak antolatutako mobilizazio ezberdinen baitan, Arabakoa izango da lehenengo deialdia. 11:00etan izango da hitzordua Subijanako herrian; baina herrira hurbiltzeko, 10:30etan Mendizorrotzako parkingean geratu dira.
Gaur egun, ez dago Arabako euskal preso politikorik Zaballako espetxean. Bertan dagoen eukal preso politiko bakarra larriki gaixorik dagoen Txus Martin bizkaitarra da.
Eta urtarrilaren 13an, Bilbon, Sare herritarrak deitutako manifestazio nazionala. Aurtengo kanpaina ‘Prest gaude’ da eta Gasteizen, jada, busak antolatzen daude. Tiketak non egongo diren zehaztu gabe dago oraindik, baina aurreratu dutenez, goizetik bertaratzeko deia indartuko dute. Izan ere, egun osoko egitaraua egongo da urtarrilaren 13an Bilbon.
Horren aurretik, Gasteizen, ekimen ezberdinak antolatu ditu Sarek: abenduaren 16an Umeen Eguna Herri Dendan, abenduaren 29an eskutitzak idazteko eguna leku berean eta abenduaren 30ean ‘Preparadas listas ya! Prest gaude!’ izeneko ekimena 13:00etan Gasteizko Plaza Berrian.
Abenduaren 31n, ohikoa den legez, San Silvestre lasterketan parte hartzeko deia egin dute. Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatuko dute hamaika korrikalarik. 18:00etan jarri dute hitzordua Farmazia fakultatean, Gasteizko Kanpusean bertan.
Horretaz gain, Herri Denda zabalik dago. Bertan, besteak beste, euskal errepresaliatu politikoei elkartasuna adierazteko modu ezberdinak dauden, tartean, elkartasun tonbola edo elkartasun saskia.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!