Legez kanpoko etxebizitza turistiko gehiago Araban: 700 plaza klandestino daude
Araban 700 plaza daude pisu turistiko klandestinoetan, hauetako 503 Gasteizen. Eusko Jaurlaritzak markatutako ibilbide-orria beteko balitz, 2018ko Aste Santurako legez kanpoko etxebizitza hauek ez lirateke arazo izan beharko.
Polemika sortu zen Euskal Herrian gaur egungo turismo ereduaren kontra Ernai Gazte Antolakundeak egindako kanpainaren harira. Gazte enpleguaren prekarietatea salatzen zuten gazteek, turistei alokatzen dizkieten etxebizitza asko legez kanpokoak direla salatzearekin batera.
Eztabaida hau, ordea, ez zen apenas Arabara iritsi: Gipuzkoara mugatu zen hein handi batean. Baina Araban, legez kanpoko etxebizitza turistikoak daude? Bai, eta azken bi urteetan nabarmen egin dute gora gainera. Enpresa eta instituzio ezberdinek egindako ikerketek 400 plazetan jartzen zuten kopurua 2015ean.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, legez kanpoko 2.049 pisu turistiko daude. Guztira, etxebizitza hauek 8.901 pertsonentzako lekua eskaintzen dute. Plaza hauetako 700 Araban daude -503 Gasteizen-.
Datu hauek ofizialak dira. Hau da, Eusko Jaurlaritzak informe baten ondorioz argitaratutako zenbakiak dira. Beraz, nahiz eta ofizialak izan, baliteke gehiago egotea baina Jaurlaritzak “topatu” ez izana. Informe hau, EAJ-k, PSE-k eta EHBildu-k eskatu zuten, “eskaintza klandestinoarekin bukatzeko”.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datu orokorrak hartuta, datu kezkagarriago bat agertzen da: hiru herrialdeetan 3.648 etxebizitza turistiko daude eta hauetako 2.049 klandestinoak dira. Etxebizitza klandestino hauen %8a Araban daude.
Orain, informearen ondorioak publiko egin ostean, etxebizitza turistiko hauen inguruko kanpaina bat jarri beharko luke martxan Jaurlaritzak, 2018ko Aste Santuan etxebizitza klandestinorik ez egoteko. Hori dio gutxienez hiru alderdiek markatu zuten ibilbide-orriak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!