Tubacexeko enpresa batzordearen gehiengoak ontzat eman du zuzendaritzaren proposamena
[Eguneraketa] ELAko afiliatuek ontzat eman dutela proposamena. LAB eta STAT sindikatuetakoek ezezkoa eman dute. CCOOk akordioa gehiengo zabalak babesten badu sinatuko du, eta langile guztiek bozkatzea proposatu du.
Piketea Amurrion, grebaren 232. egunean. / Argazkia: Aiaraldea.eus
Atzo, irailak 30, bildu ziren Tubacexeko gatazkaren parte diren hiru aldeak: Tubacexeko Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritza eta Enpresa Batzordea, langileen 232. greba egunean. Bilera horretan, Eusko Jaurlaritzak behin betikotzat jo duen proposamen bat helarazi eta enpresa batzordearen gehiengoak hasierako akordio bat sinatu du. Gaur berretsi beharko dute sindikatuek afiliatuen asanbladetan, aurrera egin dezan.
Aurreakordioak jasotzen duenaren arabera, enpresak helegitea erretiratuko du eta ez da nahitaezko kaleratzerik aurreikusten, eta inbertsioak ere 2024ra arte bermatuko dira. Bestalde, egungo lan hitzarmena mantenduko den arren, 40 ordu gehiago egingo dituzte langileek eta soldatak izoztuta hurrengo 3 urteetan. 2025ean egungo hitzarmenaren baldintzak ezarriko dira berriro.
ELA sindikatuak “garrantzitsutzat” jo du kaleratze behartuak baztertzea eta behin behetiko neurriak ez planteatzea. CCOO-k aurreakordioaren balorazio “positiboa” egin du.
LAB sindikatuak ez du akordioa sinatu. Enpresak kaleratzeei uko egitea borrokari esker “garaipena” dela adierazi du LABek, eskualde osoaren babesaz lortua. Hala ere, “onartezina” deritzo “Lan eta Enplegu Sailak lanaldia handitzea proposatzea langileak kaleratu nahi izan dituen eta azken urtean langile guztientzat lan-falta argudiatutako bi ERTE aplikatu dituen enpresa batean”. Salatu egiten dute, halaber, “langileak sobera omen zeuden lantokietan lanaldia handitzea eta lan karga areagotzea enpresen bideragarritasunerako alternatiba moduan planteatzea”. Eusko Jaurlaritzaren papera ere kritikatu dute, zuzendaritzarekin lerrokatuta egon delako.
Gaur, sindikatuen asanbladetan, afiliatuek hartuko dute akordioari buruzko azken erabakia.
Momentuz, ELAk eguerdiko 13:30etan emandako prentsaurrekoan jakinarazi du afiliatuek ontzat eman dutela proposamena. LAB eta STAT sindikatuetako afiliatuek ezezkoa eman dute. LABen arabera “onartezina” da enpresak eskatzen duen “bidesaria”; besteak beste, 3 urtez lanaldia 40 orduz luzatzea planteatzen baitu. CCOOk akordioa gehiengo zabalak babesten badu sinatuko du, eta langile guztiek bozkatzea proposatu du.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!