Tren Sozialaren Aldeko plataformek positiboki baloratu dute Estatuko aurrekontuetan jasotako partida, trenbideak hobetzeko ikerketa bat egitekoa
Tren sozialaren proposamena bideragarri egite aldera eta AHTarentzako bide paralelorik ez eraikitzeko "urrats handia" izan daiteke, Tren Sozialaren Aldeko plataformen arabera. Hala ere, aurrera jarraituko dute plataformek ingeniari talde batekin abiatu zuten proiektuarekin, "alternatiba bideragarri bat" egiteko.
Aste honetan onartu dira Estatuko aurrekontu orokorren zuzenketak. Zuzenketa horietako batek 200.000 euroko partida esleitzen du informazio-azterlan bat egiteko, Burgos-Gasteiz-Iruñea-Zaragoza trenbide-azpiegiturak hobetzeko eta egokitzeko. Arabako Tren Sozialaren Aldeko plataformak positiboki baloratu du aurrekontu partida eta “urrats handia” dela uste du “gaur egungo trenbideen hobekuntza eta egokitzapena bermatzen duen azterlan bat” egitera bideratua egotea.
Norabide horrek, azaldu dutenez, Arabako, Nafarroako eta Burgosko Plataformak eskatzen ari direna babesten du, bai eta ADIFen eta RENFEn ordezkaritza duten sindikatu guztiek ere. Gainera, bat dator “Kantauriko beste zati batzuetan egindako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren trenbide-politikarekin” eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak 2021ean Teruel-Zaragoza eta Castejon-Logroño arteko trenbide-azpiegiturak egokitzeko eta hobetzeko eskatutako azterlanekin.
Politika horiek jarraituz, egungo trenbide-bidea hobetzeko inbertsioa egiteko aukera dago, AHTarentzako esklusiboa izango den trenbidea eraiki beharrean. Hori, “abiadura handiko trenarentzat soilik den trenbide-plataforma berria ez bezala, askoz ere begirunetsuagoa da ingurumenarekiko, eta dagoeneko eraikita dagoen korridorea da, betiere hobekuntza tekniko askoz ere ekonomikoagoak izango lituzkeena”.
Burgos-Gasteiz-Iruñea-Zaragoza trenbide-azpiegiturak hobetzeko eta egokitzeko informazio-azterlana
Gauzak horrela, Burgos-Gasteiz-Iruñea-Zaragoza trenbide-azpiegiturak hobetzeko eta egokitzeko informazio-azterlana esleitzea eskatu dute Arabako Haranetako eta Lautadako Tren Sozialaren aldeko Plataformok, prestazio handiko trenen zirkulaziorako eta trafiko mistorako, “Estatuko Aurrekontu Orokorretan onartu den bezala”. Bestalde, Burgos-Gasteiz tartean, gaur egungo trenbidearen paraleloan, abiadura handiko trenbidea eraikitzeko administrazio-izapide guztiak geldiaraztea eskatu dute.
Era beran, plataformek jakinarazi dute aurrera jarraituko dutela ADIFen eta RENFEn ordezkaritza duten sindikatu guztiekin batera urrian abiatu zuten azterketa bultzatzen. Ubide, bide eta portuetako hiru ingeniarirekin batera ari dira lanean “AHTrentzat bakarrik den trenbide-korridore berriaren egungo planteamenduari benetako irtenbidea ematen dion azterketa” bat egiteko, Nafarroako, Arabako eta Burgosko Mediterraneoko eta Atlantikoko trenbide-korridoreak hartuko dituena.
“Azterketaren helburua da teknikoki bideragarria izango den tren sozialaren proposamen bat garatzea, zatiren batean bikoiztuz edo hirukoiztuz, batez ere dagoen trazaduraren gainean jardunez, azpiegitura, teknologia eta logistikan lehiakorra eta modernizatua izango den tren baten eskakizunekin bateragarria izan dadin”, azaldu dute. Datorren urtearen hasierarako amaitu nahi dute azterlana, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari eman ahal izateko.
Proiektuaren gastuak ordaintzeko, datozen egunetan Crowdfunding kanpaina bat irekiko dute plataformetako kideek. 15.000 €-koa da azterketaren aurrekontua.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!