Trebiñun %63koa izan da abstentzioa Gaztela eta Leongo hauteskundeetan
Trebiñu Araba dela argi gelditu da oraingoan ere, abstentzio maila handiak erakutsita. Trebiñu Araban integratzearen aldeko herri-borondatea errespeta dezatela eskatu zieten arduradun politikoei hainbat herritarrek joan den astean.
Gaztela eta Leongo hauteskundeak izan dira igande honetan. 1.506 pertsona zeuden bozkatzera deituak Trebiñun, eta horietatik 558k bozkatu dute, %37ak. PSOEk irabazi du botoen %28,13rekin. PPk %23,47a lortu du, Unidas Podemosek %18,99, eta Voxek %12,72.
Abstentzioa izan da, baina, daturik esanguratsuena, nabarmen handiagoa izan baita Gaztela eta Leongo gainerako eremuetan baino. Zehazki %64ko abstentzioarekin, argi utzi dute Trebiñuko herritarrek, oraingoan ere, arabarrak direla.
Joan den astean idatzitako gutun publiko batean trebiñarrok hauteskunde horietan zuten interesik eza azaldu zuten herritar batzuek. Gaztela eta Leongo ordezkariek hartuko dituzten erabaki politiko sektorialek ia ez dutela haiengan eraginik izango arrazoitu zuten, besteak beste, hainbat adibide emanez horretarako: enklabeko ikasle gehienak Arabako ikastetxeetan matrikulatuta daudela; Medikuntza espezializatua, batez ere, Osakidetzak ematen duela; edota Trebiñuko langabeak Araban erroldatzen direla, horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-sistemaren babespean egoteko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!