Torturaren Aurkako Eguna, datuen arrastoan
Pako Etxebarriak eta Laura Pegok gidatutako ikerketak agerian utzi du indar polizial ia guztiek hamarkadetan zehar torturatu dutela. Otsailaren 13an, Torturaren Aurkako Egunean, mobilizazioak eta ekimen ezberdinak egon dira egun guztian zehar. Igandean, otsailaren 18an, “Tortura, zauri irekia” ereportajea publikatuko du Hala Bedik, tortura pairatu duten lau arabarren testigantzak bilduz, psikologo baten laguntzarekin.
Aurtengo otsailaren 13an 37 urte bete dira Espainiako Poliziak Joxe Arregi torturapean erail zuenetik. Urtero legez, hainbat mobilizazio, elkarretaratze eta ekimen egon dira egun hauetan Araban.
2018ko otsailaren 13a, hein handi batean, Pako Etxeberria auzitegi medikuak eta Laura Pego zuzenbide doktoreak buru izan dituen ikerketak markatu du. Guztira, 4.113 tortura kasu jaso ditu 1960 eta 2014 urteen artean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Euskal Memoriak, aldiz, txosten batean, 5.657 tortura kasu dokumentatuak ditu.
Tortura horietan, Espainiako Polizia da EHUk jaso dituen tortura kasuen artean salaketa gehien polizia, 1.792 guztira, eta antzeko kopurua du Guardia Zibilak ere: 1.785. Ertzaintzaren kasuan 336 tortura kasu jaso dituzte txostenean.
Gasteizen, bi deialdi nabarmendu dira. Sortuk elkarretaratzea egin du Korreos plazan. ‘Minak luze dirau’ lemapean, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak eskatu dituzte. Amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako mugimenduaren deialdia ordu erdi beranduago izan da, Andra Maria Zuriaren plazan.
Espainiako poliziaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren komisaldegien aurrera eraman du salaketa Sortu Gasteizek. Bakoitzaren aurrean, EHU-Eusko Jaurlaritza informeak markatutako zifrak islatu ditu.
Iruña Okako PSOEren egoitzan ‘4.113 tortura kasu frogatuta. Zuek ere agindutakoak!’ margoketa egin dute.
Ernai Gasteizek tortura kasuak irudikatu ditu Judimendin ‘Nork aginduta?’ irakur daitekeen pankartan.
“Tortura, zauri irekia”
Gainera, etxe honetako Hala Bideoko kideek “Tortura, zauri irekia” erreportajea publikatuko dute igandean, otsailaren 18an, 20:00etan. Ertzaintzak, Espainiako Poliziak edo Guardia Zibilak torturatutako belaunaldi ezberdinetako lau arabar: Marina Sagastizabal, Xabier Izaga, Txiki Donnay eta Susana Atxaerandio. Horiekin batera, Ixone Legorburu psikologoak parte hartu du erreportajean.
Ohiko torturen testigantzetatik haratago doan erreportaje bat izango da hau, eta torturaren sustraietara joko du: tortura metodo ezberdinek eurengan eragindako ondorioak, horiei aurre egiteko mekanismoak, Eusko Jaurlaritzaren txostena eta bizitakoaren zein etorkizunaren inguruko hausnarketa izango dira erreportajearen ardatz nagusiak, protagonisten ahotsak oinarri.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!