TALKAren kontra irekita zegoen azken prozesu judiziala itxi da
2019an Talkaren desalojoan atxilotu eta auziperatutako bi kideen espetxeratzea ekiditeko, fiskaltzaren akordio proposamena onartu duela jakinarazi du kolektiboak ohar baten bidez. Errepresio kasuak asko izan direla gogorarazi dute (atxilotuak, identifikatuak, isunduak eta beste), eta horren aurrean antolakuntza eta saretzea aldarrikatu.
2022ko otsailean Talka proiektu feministaren kontra irekita zegoen azken prozesu judiziala itxi da fiskaltzarekin akordio batera iritsita, kolektiboak ohar bidez jakinarazi duenez. 2019ko Talka Zaharreko desalojoaren harira atxilotu eta auziperatutako bi kideren aurkakoa zen prozesua: 9 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zion bati fiskaltzak, autoritateari “desobedientzia larria” egitea egotzita; besteari, aldiz, 4 urteko espetxealdia, “objektu arriskutsu batekin autoritateari atentatua” egiteaz akusatuta.
Hiru urte luzatu da prozesu judiziala. Azkenean, akordio bat onartu du kolektiboak, espetxeratzeak saihesteko: “otsailaren 14an ospatzekoa zen epaiketa akordio batekin ekidin dugu, fiskaltzaren proposamena onartzera behartuta ikusiz kolektiboa, kartzelaratzea saihestearen helburu nagusiarekin”. Auziperatuetako batek 7 hilabeteko espetxe zigorra eta eguneroko 6 euroko isuna onartu behar izan du, besteak urte beteko espetxe zigorra.
Errepresioa antolakuntza feministari eta okupazioari
Ohar berean, Talkak bere ibilbidean beste hiru prozesu judizial ere izan dituela gogorarazi dute, eta guztira 9 pertsona auziperatu. Areago, sei atxilotu izan dira Talkaren jardunarekin lotuta, 24 pertsonari jarri dizkiete isunak, eta 40tik gora identifikatu. Errepresio ekonomikoa ere gogorrra izan da, 5000 euroko isunetan.
Errepresioa salatzeaz gain, antolakuntza feministarako eta okupazioaren aldeko hautua berretsi dute oharrean: “Aukeratutako bide hau luzea eta gorabeheratsua bada ere, beharrezkoa izaten jarraitzen du oraindik ere. Segi dezagun feminismoan antolatzen, auzoan bizitzen eta jabetza pribatua okupazioaren bitartez borrokatzen”.
🔴 TALKAREN KONTRAKO ERREPRESIOAREN HARIRA ⬇️
Argi dago oraindik ere jabetza pribatuaren babesean espazio hutsak defendatzen dituztenen makinaria guztia oso indartsu dagoela eta gure auzoan bizitzeko modua epaitu eta zigortzen dutela aldioro. pic.twitter.com/lDr3gTgxf2
— Talka (@TalkaGasteiz) February 20, 2022
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!