“Talka espazio bat baino gehiago da: lapurtu digutena eskuratzera goaz”
Gasteizko Udalak Talka proiektu feminista desalojatu ostean, bertako emakumeek* “Talka espazio bat baino zerbait gehiago” dela gogoratu dute.
Aurreko ostegunean, otsailaren 21ean, urte luzez hutsik zegoen Álava-Velasco jauregian errotuta zegoen Talka proiektu feminista hutsarazi zuen Gasteizko Udaltzaingoak.
Bi egun beranduago, ehunka lagunen babesa jaso zuen proiektuak Gasteizko kaleetan egindako manifestazioan. Horretaz gain, desalojoa inolako baimen judizial gabe eman zela salatu zuen -hala onartu zuen Udaltzaingoak ostegunean bertan-.
Ohar batean, Talka proiektuko kideek azaldu dutenez “Talka espazio bat baino zerbait gehiago da: Talka proiektu bat da, auzo izaera bat, aliantzak egin eta sistema kapitalista heteropratriarkala iraultzeko herraminta bat, sisteman arrakala bat, pitzadura bat, apurketa bat…”.
Ohar batean salatu dutenez, Martxoaren 8ko Greba Feminista ate joka dagoenean etorri da desalojoa: grebarako prest zuten material asko eraman zuten poliziek espaziotik. “Martxoak 8 gertu dugun honetan, talka espazio erreferentzial bat da; greba antolatu eta aliantzak sortzeko. Horrelako herri antolaketa guneak erasotzen dituzten bitartean, instituzioak aurpegi zuriketa kanpainarekin hasi dira; feminismoa merkantilizatuz, produktu bilakatuz eta duen indar iraultzailea deuseztatuz”.
Zentzu honetan, hitz batzuk helarazi nahi izan dizkiete instituzio ezberdinei: “Armatu gaitezen, lapurtu digutena eskuratzera goaz […] Gure nahi, desio, harreman, beharrak erdigunean jartzearen helburuarekin, jaio zen eta biziraungo duen proiektu integrala dugu Talka”.
Amaitzeko, jakinarazi dutenez, Talkan egiteko pentsatuak zeuden ekimenak ez dira bertan behera geratuko eta beste gune batzuetan burutuko dira.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!