SUmendi Gazte Espazioa barrutik: plan eta antolakuntza berrituak ikasturte hasieran
“Squat hiriburuan” gune okupatuak eta espazio askeak jaiotzen diren bitartean, urteak betetzen dituztenek ere euren proiektuak errotzen dituzte. Horren adibide bat da SUmendi gazte espazioa, Judimendiko auzoan. Ikasturte hasiera honetan plan eta antolakuntza berrituari ekin diote, filosofia berdina mantenduz. Proiektuaren eta antolakuntzaren barrenetan murgildu gara.
Urtebete baino gehiago jada Gasteizko Judimendi auzoan kokatuta dagoen SUmendi gazte espazioak ateak behin betiko ireki zituenetik eta gunea garbitu, atondu eta auzoarekin sareak ehuntzeari ekin ziotenetik. Urte baten ostean, hasierako helburuei heltzen diete Judimendiko gazteek -proiektu eta bizi eredu alternatiboak auzoan sortzea- baina antolaketa proposamen berri batekin helburu horiei erantzuteko asmoarekin datoz oraingoan.
Proiektua gazte mugimenduaren baitan errotzeaz gain, auzoan egonkortu den espazioa da SUmendi. Gutxinaka-gutxinaka, auzoko jende ugari ari da batzen, bakoitzak bere konpromisoekin: “Amesten dugun auzoa eraikitzeko lekua da SUmendi; guztiok badugu zer eman eta zer esan” adierazi dute asanbladatik.
“Amesten dugun auzoa eraikitzeko lekua da SUmendi; guztiok badugu zer eman eta esan”
Ikasturte berri honen hasieran, espazioa gestionatzeko antolakuntzaren baitan marko ezberdinak bereizteko asmoa dute: proiektuak, asanblada orokorra, lantaldeak, koordinazio markoa eta egitarau ardura. Modu honetan, eta ere koordinatuan, auzoan eragiteko gaitasuna handitzeko asmoa dute SUmendin, edozein gazterentzako ateak zabalik mantentzen dituzten bitartean.
“Green Capitaletik” “Squat Capitalera” izatera pasa da Gasteiz eta SUmendi, adibide bat besterik ez da. Goazen beraz, antolakuntza berria desglosatzera.
- Proiektuak
Asanbladaren markoan erabaki dutenez, “SUmendin sortutako proiektuak dira espazioaren motorra”. Auzoa biziberritzeko, “proiektu alternatibo eta irautzaileak” eraman nahi dituzte aurrera. Gainontzeko lantaldeekin harremana mantenduz, proiektuek autonomia izango dute haien garapenarekin erlazionatutako erabakiak hartzeko.
- Asanblada orokorrak
SUmendiko erabakitze marko nagusiak dira asablada orokorrak. Bertan, proiektuko kide guztiek dute parte hartzeko aukera. Aurrera begirako helburuak zehaztu, unean uneko koiunturari erantzun, espazioaren erabaki garrantzitsuenak hartu… egiten dira bertan. Gainera, “elkar ezagutzeko, harremanak indartzeko eta gure arteko zaintza baloratzeko esparrua” da hau, hilero biltzen dena.
- Lantaldeak
Marko orokorretaz aparte, espazioaren beharrei erantzuteko lantaldeetan antolatuko dira SUmendin. Taldeek autonomia dute plangintza aurrera ateratzeko, erabaki garrantzitsuenak asanblada orokorretan eztabaidatzen diren bitartean. Modu horretan, antolakuntza dinamikoagoa izatea lortzen dute.
Ekonomia -plangintza ekonomikoa diseinatu eta aurrera eraman-, txapuzak -espazioaren atontze eta obrak diseinatu-, komunikazio eta harremanak -SUmendi aditzera emateko, egonkortzeko eta proiektuak indartzeko-, autodefentsa -espazioaren biziraupenaz arduratu- eta diseinua edo sarea -proiektuek edo lantaldeek behar dituzten baliabide komunikatiboak sortzeko prest egongo diren hainbat pertsonez osatutako sarea – lantaldeek osatzen dute SUmendi.
- Koordinazio markoa
Baina proiektuen eta lantaldeen arteko elkarlana posible izateko marko bat beharrezkoa ikusten dute gazte espazioan: koordinazio markoa izango da gune hori. SUmendiko egitaraua antolatu eta zaintzarako mekanismoak ezartzen dituzte gazteek marko honetan, lantalde eta proiektuko kide bakoitzak bere lantaldeari transmitituz informazioaz: asanblada handi batek asanblada txikiei egiten die transmizioa beraz.
- Egitarauaren ardura
Gazte espazioan egiten diren ekintza guztien berri du, espazioaren egitaraua antolatzeko asmoz. Talde honek daki noiz dagoen libre edozein bilera, ekintza, dinamika, egun… Koordinazio bileren aurretik, horretan parte hartuko duten kideei jakinarazi beharko die nola dagoen egitaraua.
Kanpo eragileek ere espazioa erabiltzeko aukera dute; kordinaziotik pasa behar da proposamena
SUmendiko kideren batek espazioa behar izatekotan, ardurari zuzenean galdetzen dio libre ote dagoen. Kanpo eragileren batek, ordea, espazioa erabili nahi izatekotan, zerbait antolatzeko koordinaziotik pasa beharko da bere proposamena egiteko eta bertan onartu beharko da.
- Ateak zabalik
Esan bezala, SUmendiko gazteek ateak zabalik mantentzen dituzte, orain dela urtebete bezala. Ateak irekita ekimenak antolatzeko, tailerretara hurbiltzeko, ekintzak proposatzeko… Eta proiektuaren parte izateko ere bai. Horretarako, email bat dute eskuragai: sumendi.komu@gmail.com.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!