Sei eskaera nagusi eta manifestazioa ostiralean; Euskal Eskola Publikoa kalera aterako da
Ostiralean, maiatzaren 25ean, manifestazioa egingo dute Gasteizen. 50 elkarte baino gehiagok babestu dute deialdia, tartean, guraso taldeak, auzo elkarteak edota sindikatuak.
Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak agerraldia egin du Gasteizen. Bertan, ostiraleko manifestazioa aurkeztearekin batera, sei eskaera nagusi jarri dituzte mahaiaren gainean. Irakasleen, ikasleen eta guraso-taldeen artean bi urte daramatzate elkarlanean, eraiki nahi duten euskal eskola publikoa irudikatzen eta hori islatuko dute jendetsua izatea espero duten mobilizazioan.
Lehenik eta behin, haserre agertu dira: “Utzikeria” leporatu diete orain arteko euskal gobernuei, “hezkuntza-ereduen arteko ezberdinatsunak eta lehiakotasuna eragiten dituzten politika neoliberalak” ezarri dituztela leporatuz. Aurrekoari, hezkutza-sistema publiko-kontzertatu dual bat gehitu diote, “disfuntzional” gisa defintuz hau. Sistemak berak eskola ez duela zaindu uste dute, bigarren mailara baztertuz publikoa eta hezkuntza-itunen orokortzea abiaraziz ikastetxe pribatu guztiekin.
Segregazioa ere izan dute hizpide, Gasteizko datuak gogoratuz: EAEn baliabide urriko familien edo etorkinen %75a eskola publikoan dago; Gasteizen, %92ra iristen da zifra. Eusko Jaurlaritzak segregazioari aurre egiteko planak ez dituzte begi onez ikusi: “Segregazioa oso aurreratuta dagoen zentroetan jarri dituzte martxan neurriok, baina ez dute eragin zuzenik egunerokotasunean”. Bereziki larria ikusi dute Lakuako Gobernuaren jarrera, “euskal hezkuntza-sisteman segregazioa dagoela ez duelako onartzen”.
“Segregazioa oso aurreratuta dagoen zentroetan jarri dituzte martxan neurriok, baina ez dute eragin zuzenik egunerokotasunean”
Jendartearen zati zabal direla argudiatuta, mobilizaziorako garaia iritsi delakoan daude, “denona eta denontzako euskal eskola publikoaren alde eta eskola-segregazioaren kontra”.
Eskaera zehatzak
Agerraldian bertan, ostiraleko manifestazioan egingo dituzten sei eskaera zehatzak aurkeztu dituzte:
- Hasteko, eskoletan izena emateko udal bulego bakarrak sortzearen premia azpimarratu dute.
- Diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe guztien “benetako doakotasuna” exigitu dute, legeak agindu bezala.
- Hezkuntza-sare guztietan heziketa laikoa jasotzeko eskubidearen bermea.
- Segregazio egoeretan dauden ikastetxeentzat egitasmo bereziak abiarazi, epe laburrean egoerari buelta eman ahal izateko.
- Azpiegitura eta giza baliabide nahikoak bermatzea eskola publikoan.
- Amaitzeko, hezkuntza-itunen orokortzearen politikaren amaiera exigitu dute.
Hiru zutabe, aldarrikapen kutxak eta manifestazioa
18:00etan hasiko da ostiraleko mobilizazioa. Hiru zutabe -Abastos plaza, San Anton plaza eta Prado parkea- abiatuko dira ordu horretan, trikitilariak, hankapaloak eta musika lagun. 18:30ean, Andra Maria Zuriaren plazan batuko dira guztiak, manifestazio nagusiari hasiera emateko. Bertan, “nahi eta merezi dugun eskola publikoaren eraikuntza sinbolikoa” egingo dute, Eskola Publikoko gurasoei banatutako kartoi kutxekin.
Ez dira, hala ere, bakarrik egongo. 50 eragile baino gehiagok babestu dute mobilizazioa. Hauen artean daude auzo elkarte ezberdinak, sindikatuak, alderdi politikoak, gazte eta ikasle antolakundeak edo bestelako elkarteak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!