SDA Factory-ko langileek lehen mobilizazioa egin dute, itxiera mehatxua inoiz baino nabarmenagoa denean
BSH BOSCH aurreko jabearekin lortutako berme-akordioa bukatuta, SDA Factoryko langileek salatu dute B&B TRENDS Gasteizko planta "deskapitalizatu eta husten" ari dela, hitzarmen kolektiboa indargabetu duela eta plantillaren gehiengoari eragiten dion ERTE-a inposatu duela.
Irailaren 15ean egindako batzarrean, asteroko mobilizazioei ekitea erabaki zuten SDA Factory-ko langileek, etorkizuna izango duen enplegu duinaren alde. Gaur egin dute lehenengo elkarretaratzea.
SDA Factory BSH BOSCH izan zen aurretik eta 44 urteko ibilbidea du talde honek Arabako industria-sarean. Egun UFESA taldeko azken planta da. 2018an B&B TRENDS taldeak erosi zuen fabrika eta langileek hitzarmena lortu zuten BSH BOSCHek bi urte eta erdiz lan-karga mantentzeko. Orain, berme garaia bukatuta, jabe berriak “enpresaren egiturak modu kezkagarrian hondatzen utzi” dituela salatu dute, fabrika “deskapitalizatuz eta hustuz”, eta “funtsezko langileen bajak” kubritu gabe utziz. Hori guztia, bi urte hauetan SDA Factoryk “eskandalu-onurak” izan dituen arren, 20 milioi euro irabazi baititu.
Gainera, plantila ia osoari eragiten dion ERTEa inposatu du enpresak 6 hilabeterako, langileak langabeziarako eskubidea kontsumitzera behartuz, “hori saihesteko baliabideak dituenean”. Langileen arabera, “baliabide publikoei eraso egiten die” SDA Factoryk horrela.
ERTEak eragiten duten egoera baliatuta, “langileak hain egoera ahulean egonik”, enpresak indargabetu egin du bertako langileen hitzarmen kolektiboa eta Estatukoa inposatu du aldebakarrekotasunez. Langileen soldatak erdira murriztu ditu horrela, eta “3o urte baino gehiagotik indarrean dauden lan baldintzak ezabatzen ditu”.
Gauzak horrela, “itxiera mehatxua inoiz baino nabarmenagoa” dela azaldu du enpresa-batzordeak, eta, besteak beste, xantaiarik gabeko negoziazioa aldarrikatuko dute. Mobilizazioekin jarraituko dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!