Sarek salatu du justizia “mendeku tresna” gisa erabiltzea Aitor eta Galderren kasuan
Epaia salatzeko deitu diren mobilizazioekin bat egin du Sarek. Guztiz zentzugabea dela esan dute, "atzera garamatzan sententzia".
Sarek, euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko kolektiboak Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren aurkako epaia gaitzetsi du, ohar baten bidez. Aipatu dute hasieratik salatu zutela bost urte iraun dituen ibilbide juridiko hau, eta epai irmoa atera den honetan beren aurkakotasuna erakutsi dute beste behin ere.
Saretik “etengabeko gatazkari eusten saiatzen” direnen papera kritikatu dute, eta gogorarazi dute 12 urte igaro direla ETAk jarduera armatuari amaiera eman zionetik. Zelaia eta Barbadok “indarkeriarik gabeko estrategiarekin” bat egiten dutela adierazi zuten epailearen aurrean, Sarek azaldu duenez, eta “guztiz zentzugabetzat” jo dute epai hau, “salbuespenezko politikak atzean uzten” ari diren garaiotan.
“Terrorismoaren” aitzakiapean lekuz kanpo dauden zigorrak ezartzen jarraitzea leporatu diote espainiar justiziari, eta justizia “mendeku tresna gisa” erabili izana salatu dute. “Sufrimendu guztiekin amaitzearen alde urratsak ematen” ari diren garaian, espetxeak betetzeak “ez du inolako kabidarik elkarbizitzarako eta bakerako bidean”, aipatu du Sarek.
Bizikidetzarako eta konponbiderako bidean, Sarek bat egin du epaia salatzeko deitu diren mobiilzazioekin. Agerraldi masiboa deitu zuen ANkerkeriari Stop plataformak igande honetarako, Amurrion, Zabaleko ikastetxean goizeko 11:00etan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!