Sarek “garai berrira egokitzeko salto kualitatiboa” emango duela iragarri du bere 5.urteurrenean
Gasteizen egin du bost urte hauen balorazio agerraldia. Egindako bidea positiboki baloratu dute, baina "horrenbeste min" eragin duen espetxe politika indarrean dagoela gaitzetsi dute.
Sare Herritarrak agerraldia egin du ostegunean Gasteizen. Bertan, datorren ekainaren 16an bere 5. urteurrena ospatzeko Donostian egingo duen ekitaldiaren berri eman du. Urteurren hau, “urte guzti hauetan josi dugun sare zabal honen parte diren pertsonekin batera ospatzeko” asmoa du elkarteak.
Ekitaldiaren nondik norakoak azaldu aurretik, Sarek azken urte hauten bizitakoaren eta egindakoaren balantzea egin du. Sare “zabal eta anitza” osatzea lortu dutela nabarmendu dute eta euren “oinarri sozialaren zabalpenaz harago, urte hauetan gizarte zibilaren, instituzioen, alderdien, sindikatuen eta baita Giza Eskubideen alorrean lan egiten duten eragileen arteko artikulazioa lortu izana” nabarmendu dute.
Orain arte egin duten bidearen balorazioa positiboa dela deritzote, baina Sare iraungitze datarekin jaio zela gogoratu dute: “Oraindik orain, horrenbeste min eragiten duen espetxe politika indarrean dago”.
Etorkizun baikorra
Zailtasunak zailtasun, argi dute azken bost urte hauetan “herri honek urrats sendoak eman dituela eta esperantzari ateak zabaldu dizkiola”. Zentzu honetan, azken hauteskundeetako emaitzei erreferentzia egiteko probestu dute tartea eta, emaitzei erreparatuz, espetxe politikan oraindik bizi den “inpas” egoera aldatzeko gehiengoa badela uste dute. “Amaitu dira beraz aitzakiak”.
Hausnarketa hauen berri emateko baliatuko duten ekitaldi xumea izango da ekainaren 16koa. Bertan, bost urte hauetan lagun izan dituzten kideak eta ordezkaritza politiko, kulturak, sindikal eta soziala batuko dute. “Dudarik gabe, ekitaldi honen ostean, ziklo berri bati ateak zabalduko dizkiogu”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!