«Salda badago» jardunaldi feministen aurkezpen asanblada deitu dute
Larunbatean aurkeztuko dituzte jardunaldiak Gasteizen.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak momentuko baldintzak aztertu eta hurrengo urteetarako urratsak eta estrategiak zehazteko erronkari heldu dio. Martxoaren 8ko urrats handiaren ondotik, beste hitzordu garrantzitsu bat finkatu dute: Euskal Herriko Jardunaldi Feministen bosgarren edizioa.
Azaroaren 1ean, 2an eta 3an eginen dituzte jardunaldiok, Durangon, ‘Salda badago’ leloarekin eta eltze baten barrenetik ateratzen den olatu baten irudiarekin. Zehaztu dutenez, bost ardatzetan banatuko dituzte gaiak: «Mugimendu feministaren erronkak; gure dibertsitatea erdigunean; indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzea; gorputzak eta burujabetzak; eta sexualitateak».
Jardunaldiak zertarako, norentzako, zelan parte-hartu eta beste gai batzuk jorratzeko, jardunaldi feministen aurkezpen asanblada deitu dute Gasteizen, ekainaren 8an, larunbatean: 18:00etan izango da hitzordua, Iparralde gizarte-etxean, eta itzulpengintza zerbitzua egongo da bertan.
«Elkar begiratuz, eztabaidatuz eta hausnartuz herri feminista bat eraikitzera goaz! Iraultza gu gara!», aldarrikatu zuten feministek aurkezpen ekitaldian.
Mugimendu feministako kideek urte honetan egindako lanaren ondorioak eta lan-ardatzak agertu dituzte. Eta, jardunaldiei begira, «su motelean, luze, lapiko ezberdinetan eta hamaika eskuren artean sukaldutako salda aspalditik borborka dabil, eta azaroan gainezka egingo du. Izugarria izango da» iragarri dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!