Prudentzi Eguneko egitaraua aurkeztu dute
Potato, Jon Basaguren, umeentzako zirkua, ekitaldia… Egongo dira apirilaren 28an muinoko etxean, Gasteizko Gaztetxearen 30.urteurren festan.
Apirilaren 28an, 30 urte beteko dira Gasteizko Gaztetxea jaio zenetik. Hori dela eta, ikasturte guztian zehar, egitarau berezia antolatu dute muinoko etxeko kideek: hilabetero gai konkretu bat jorratzen ari dira, herri mugimenduko eragile ezberdinekin batera: feminismoa, ekologismoa, autogestioa… Baina apirilaren 28an Gaztetxeak berak izango du protagonismoa: 30 urte beteko dira, San Prudentzio egunean bertan, lehenengo ostikotik.
Goizean-goiz hasiko dira ekimen ezberdinak. 10:00etatik aurrera, gosaria eta umeen txokoak egongo dira eta goiz guztian zehar, Alde Zaharrean barrena, erraldoiak, albokariak edo umeentzako zirko ikuskizuna. Eguneko plater nagusietako bat bazkaria izango da: tiketak Hala Bedi Tabernan daude salgai, 6 eurotan.
Gauean, aldiz, sorpresak espero dira: Potato taldeak kontzertua eskainiko du eta Akerbeltz erromeriarekin gonbidatu bereziak egongo dira Rafa plazan, Gaztetxe alboan. Gainera, Jon Basaguren abeslariak ere egunean hartuko du parte eta ekitaldi nagusia 20:30ean izango da.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!