Lotuta datoz gabonak eta elkartasuna
Gabonetako jaiak heltzear direnean, ia urtero legez, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko mobilizazioak biderkatzen dira Euskal Herrian. Urtarrileko manifestazioa, espetxeetara martxak edo abenduaren 28an egongo den Arabako ongi etorri bat bildu ditugu artikulu honetan.
Kalera Kalera!-k antolatuta, Zaballako kartzelara martxa egingo dute abenduaren 23an. Dinamikak antolatutako mobilizazio ezberdinen baitan, Arabakoa izango da lehenengo deialdia. 11:00etan izango da hitzordua Subijanako herrian; baina herrira hurbiltzeko, 10:30etan Mendizorrotzako parkingean geratu dira.
Gaur egun, ez dago Arabako euskal preso politikorik Zaballako espetxean. Bertan dagoen eukal preso politiko bakarra larriki gaixorik dagoen Txus Martin bizkaitarra da.
Abenduaren 28an, gainera, Txema Matanzas gasteiztarra espetxetik aterako da. Gaur egun, Puerto de Santa Mariako espetxean dago.
Eta urtarrilaren 13an, Bilbon, Sare herritarrak deitutako manifestazio nazionala. Aurtengo kanpaina ‘Prest gaude’ da eta Gasteizen, jada, busak antolatzen daude. Tiketak non egongo diren zehaztu gabe dago oraindik, baina aurreratu dutenez, goizetik bertaratzeko deia indartuko dute. Izan ere, egun osoko egitaraua egongo da urtarrilaren 13an Bilbon.
Horren aurretik, Gasteizen, ekimen ezberdinak antolatu ditu Sarek: abenduaren 16an Umeen Eguna Herri Dendan, abenduaren 29an eskutitzak idazteko eguna leku berean eta abenduaren 30ean ‘Preparadas listas ya! Prest gaude!’ izeneko ekimena 13:00etan Gasteizko Plaza Berrian.
Abenduaren 31n, ohikoa den legez, San Silvestre lasterketan parte hartzeko deia egin dute. Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatuko dute hamaika korrikalarik. 18:00etan jarri dute hitzordua Farmazia fakultatean, Gasteizko Kanpusean bertan.
Horretaz gain, Herri Denda zabalik dago. Bertan, besteak beste, euskal errepresaliatu politikoei elkartasuna adierazteko modu ezberdinak dauden, tartean, elkartasun tonbola edo elkartasun saskia.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!