Polonia eta Bielorrusiaren arteko mugako “basakeria” salatu du Arabako Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak
Mobilizazioa iragarri dute azaroaren 21erako, "genozidioa" gelditzeko eskatu eta Europaren ardura salatzeko.
Arabako Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak salatu du milaka pertsona, horietako asko adingabeak, Polonia eta Bielorrusiaren arteko mugan duela egun batzuetatik hona jasaten ari diren “basakeria”. Mugan harrapatuta dauden pertsonek bizi duten egoera “joan den mendean nazismoak erabilitako metodoekin” alderatu dute.
Gaur eguneko Europa milaka migratzaile eta errefuxiaturen “bizitzak eta ametsak merkantilizatzen” eta “jaurtitzeko arma gisa erabiltzen” sostengatzen dela azaldu dute, eta “pertsonak beren lekuetatik ihes egitera behartzen dituzten kausen” eragile direla salatu dute “gobernu europarrek eta, oro har, iparralde globalak, trasnazionalek eta botere-eliteek aurrera eramaten dituzten politika ekonomiko eta geoestrategikoak”. Izan ere, migratzaile eta errefuxiatuek “gerrek, espoliazioak, esplotazioak, miseriak, klima-aldaketak, jazarpenak eta abarrek kanporatuta egin behar izaten baitute ihes”.
Beren herrietatik kanporatutako pertsonek “gero eta igarobide arriskutsuagoak” egin behar dituzte, asko hil egiten dira bide horietan, eta beste askorek “ikusten ez den” indarkeria jasaten dute, “haurrak eta emakumeak” kasu. Europara iritsitakoan, gainera, “eskubiderik ezari, politika arrazistei, jazarpenei, esplotazioari, kriminalizazioari egin behar dietela aurre”, OEEren arabera.
Gauzak horrela, “ekonomiaren, geoestrategiaren, migrazioaren eta Europako gobernuen harreraren alorreko nekropolitiken amaiera” eskatzen du plataformak, eta lurraldeen arteko bideak “legalak eta seguruak” izan daitezela.
Europako erakundeei eskatzen diete, halaber, “maila guztietan, giza eskubideetan eta eskubide sozialetan oinarritutako politikak ezar ditzatela”, pertsona orori berez dagozkionak, “benetako harrera-herriak eraikitzeko”.
Ongi etorri Errefuxiatuak Arabatik dei egiten diete herritarrei datorren igandean, azaroaren 21ean, 13:00etan, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko den mobilizazioarekin bat egin dezaten, ez dadin izan “isiltasuna Poloniako kontzertinen aurrean milaka migratzaile-errefuxiatuk jasaten duten basakeriaren konplize”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!