‘Plaza hau gurea da’ antzezlana taularatuko dute Gasteizen
Maiatzaren 9an Gasteizera iritsiko da lehen aldiz Plaza hau gurea da antzezlana, EKIDA arte ekimen sozialistak ekoitzitako bigarren obra. Euskal Herriko hainbat plazatan eskaini dute dagoeneko. Hurrengo emanaldia Gasteizko Brullerias plazan izango da, maiatzaren 9an, osteguna, 20:00etan.
Hiru gazte langabe dira antzezlaneko protagonistak. Haien plazan eseri dira, egunero bezala, denbora nola edo hala pasatzera, baina laster jabetuko dela plaza hori ez dela uste zuten bezain haiena. Baina norena da? Nola izan daiteke haiena? Zein da bertan nahi dutena egiteko jarraitu beharreko bidea? Haien asmoak lortzeko bidean, baina, gizarte honetako hainbat figurarekin egingo dute topo, eskatzen ari direna eskatzeak zentzurik ez duela konturatzeke, ezinezkoa dela konturatzeke.
Hiru aktore, egurrezko lau kaxa, umorea, musika eta galderak ditu osagai Plaza hau gurea da antzezlanak. Zeren metafora dira hiru gazte langabe? Zeren metafora da plaza bat? Bizitzea egokitu zaigun garaiari buruzko galderak plazaratu nahi ditu antzezlanak, baina ez galderak egite hutsagatik, baizik eta galdera horiei erantzunak bilatzeko asmoz.
Lehen emanaldia Araban
EKIDA arte ekimen sozialistak ekoizitako bigarren antzerki obra da. Euskal Herriko hainbat plazatan taularatu dute jada: Oñati, Zumaia, Bilbo, Urretxu, Elorrio zein Donostian egin dituzte emanaldiak. Gasteizen lehen aldiz egingo dute emanaldia datorren maiatzaren 9an, ostegunarekin. Brullerias plazan izango da 20:00etan.
Testutik hasi eta argiteriaraino, modu kolektiboan eta lan militante eta konprometituari esker sortutako obra dela nabarmendu dute egileek, EKIDAren gainerako ekoizpenen moduan: “izan ere, arte sozialistaren garapenerako baliabideak antolatzea du helburu EKIDA arte ekimenak, diziplina ugaritan eta ekoizpenari dagozkion aspektu guztietan”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!