Patxi Ruizen aldeko txandakako baraualdia abiatuko dute Gasteizen
Gaur goizeko 10:00etatik aurrera gose eta egarri greban dagoen Patxi Ruiz euskal presoaren aldeko txandakako elkartasun barauladia hasiko dute. Baraualdiaren antolatzaileek nabarmendu dute "antolakuntzak eta presioak" soilk alda dezaketela espetxeetako egoera.
Bi eguneko baraualdiak abiatuko dituzte Gasteizen, Murtzia II espetxean gose eta egarri greban dagoen Patxi Ruiz euskal preso politikoari elkartasuna adierazteko. Txandakako baraualdiek bi eguneko iraupena izango dute eta bata bestearen segidan egingo dituzte. Gaur goizeko 10:00etan emango diote hasiera ekimenari.
“Basakeria kapitalistaren aurpegi gordinenetakoa da espetxea eta, hortaz, barruan egonik instituzio honen diziplinamenduari aurre egiten dioten kideei elkartasuna adieraztea ezinbestekoa zaigu” azaldu dute elkartasun barauladiaren bultzatzaileek. Nabarmendu dute “antolakuntzak eta presioak” soilik alda dezaketela espetxe barruan bizi den egoera.
Zortzi egun gose eta egarri greban
Astebete igaro da Patxi Ruiz euskal preso politiko txantrearrak borrokaldia hasi zuenetik. Covid-19ak espetxeetan sortutako egoera salatzeko zenbait presok egindako mobilizazio baten ostean espetxeko zuzendariaren mehatxuak jaso zituen Ruizek, protesten antolatzaile izatea egotzita. Grebari ekin aurretik ebakiak egin zituen besoetan euskal presoak eta erizaindegian artatua izan zen.
Hain zuzen, Covid-19ak sortutako testuinguruan, kolpe gogorra ari dira jasotzen Estatuko espetxeetako presoak: bisitak jaso gabe, senideen hiletara joateko baimenik gabe edota Covid-19 gaitzaren aurkako neurri eraginkorrik gabe aurkitzen dira besteak beste.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!