Palestinako okupazioarekin duen loturagatik Carrefour-i boikota bultzatzeko mobilizazioa egingo dute Gasteizen ere
BDZ ekimenak abenduaren 22rako, ostirala, deialdia egin du 18:00etan General Alavako Carrefour aurrean elkartzeko, enpresak Israelekin dituen loturengatik.
Carrefourrek Israelekin duen lotura argitara ekarri dute: enpresak janari-poltsak bidali dizkie Israelgo Indar Armatuei eta, berriki zabaldu denez, nazioarteko ebazpenak urratzen dituen hitzarmena sinatu zuen Carrefourreko CEO Alexandre Bompardek Israelgo Electra Group frankiziarekin 2022an. Electra Group Palestinan legez kanpoko koloniak ezartzen dituzten enpresen NBEren datu-basean dago.
Euskal Herrian, besteak beste, Iruñean eta Bilbon egin dira orain arte mobilizazioak supermerkatu hauen aurrean. Espainiako eta Frantziako estatuetan ere egin dituzte boikot ekimenak.
Gasteizen abenduaren 22rako egin dute deialdia, 18:00etan General Alavako Carrefour aurrean. Genozidioak jarraitu bitartean, mobilizazioarekin jarraitu behar dela berretsi dute BDZ kanpainako kideek. “Palestinarrei gure elkartasuna adierazteaz gain, sionismoaren konplizeak salatzea eta boikota egitea dira dauzkagun elkartasun tresna eraginkorrenetarikoak”, gogorarazi dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!