Oztopoen eta zailtasunen gainetik Judimendiko jaiak ospatuko dituzte asteburuan
Covid-19ak sortutako egoeraren ostean Gasteizen ospatuko diren lehen jaiak izango dira Judimendikoak. Publiko egin dute ekainaren 19an hasi eta ekainaren 23a bitarte luzatuko den jaien egitaraua. Jai Batzordeak osasun irizpideak bermatzeko neurriak ezarriko ditu antolatutako egitaraua aurrera ateratzeko.
Ate joka daude Judimendiko jaiak, Jai Batzordeak egitaraua prestatu du ostiraletik hasita asteartera arte. Ez dira nolanahiko jaiak izango ordea, Covid-19ak sortutako krisi sanitarioak guztiz baldintzatuko baititu. Hain zuzen, Judimendikoak dira egoera berri honetan ospatuko diren Gasteizko auzo bateko lehen jaiak.
Oztopo eta zailtasunek ez dute auzoko jaiak antolatzeko grina apaldu. Jai Batordetik osasun eta prebentzio neurriak hartuko dituzte egitarauko ekimen bakoitza aurrera atera ahal izateko; Segurtasun distantziak mantenduz, espazio desberdinen edukiera kontrolatuz edota maskarillak erabiliz besteak beste.
Oztopoen gainetik… JUDIMENDIKO JAIAK!
Gora jai herrikoiak!
Gora auzo antolakuntza! pic.twitter.com/VOTwaackf1
— Judimendiko Jaiak (@jaiakjudimendi) June 16, 2020
Ostiralean, ekainak 19, emango diete hasiera jaiei 17:00etan jaurtiko duten txupinazoarekin. Auzoko kaleak ere hitzordurako prestatuko dituzte, auzoko argazki zaharren erakusketa ikusgai jarriko baitute Judimendiko txoko desberdinetan, eta, haurrentzako gune bereziak antonduko dituzte auzoko plazetan ere. Kaleetan ez ezik zenbait taberna eta lokaletan ere argazki zaharren bideo proiekzioak antolatuko dituzte egunero.
Tailer eta performanceek hartuko dute kontzertu eta herri bazkarien lekua. Auzoko espazio desberdinak baliatuko dituzte horretarako, hala nola, Artgia sorgunea, SUmendi espazioa edota Judimendiko auzo elkartea.
Kaleak hartzeko unea
Judimendiko kaleak ere aldarrikatuko dituzte auzoko jaietan. Ekainaren 20an, arratsaldeko 19:00etan, manifestazioa abiatuko dute Sefard plazatik “Sutan kultura, zugan kultura!” lelopean eta ekainaren 23an, Sefard plazatik ere, “auzokideon” sugarra deitu duten kalejira abiatuko dute iluntzeko 21:00etan, jai berezi hauei amaiera emanez.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!