Ostegunean aurkeztuko dute Herrizoma, Gasteizko Elikadura Sarea
Elikadura kudeatzeko egitura herrikoia izango da, ekoizpen komunalak eta erosketa kolektiboak uztartuko dituena.
Ostegun honetan aurkeztuko dute Gasteizko Elikadura Sarea, Herrizoma. Bertan, elikadura modu kolektiboan kudeatzeko baliabideak eskainiko dituzte, merkatuaren munduan elkartasun logika txertatuz joateko. Aurkezpena maiatzaren 27an izango da, ostegunez, arratsaldeko 18.00tan, Santa Maria plazan.
Horretarako, oraingoz bi bide garatuko dituzte, elkar elikatuko dutenak. Alde batetik, erosketa kolektiboak antolatuko dituzte, elikadura sareko bazkideen artean erosi eta errazago lortu ahal izateko elikagai osasuntsuago, etikoago edota merkeagoak. Bestetik, ekoizpen komunalak abiatuko dituzte, elikagaiak ekoizteko gaitasun propioak garatzeko asmoarekin, eta produktu hauek jabetza komunalekoak izango dira, truke logikatik atera eta elkar zaintza terminoetan harremantzeko tresna izango direnak. Jadanik abiatu dira ekoizpen proiektu batzuetan, baratzeko produktuak, perretxikoak, garagardoa… baina hastapenetan daude oraindik.
Herrizomaren biltegia ostegunero zabalduko dute, 17.00etatik 19.00tara, eta interesa duen edonor gonbidatu dute hurbiltzera. Kutxileria kaleko 72. zenbakian dago kokatua.
Elikadura arloan lanean hasiko badira ere, elkartasun sareen logika aldarrikatu nahi izan dute. Haiena elikadura esparrua izango da, baina elkartasun eta elkar-zaintza terminoetan funtzionatuko duen aterki zabalago baten barruan irudikatzen dute. Beste esparru askotan ere kontrabotere egitura herrikoiak garatzearen garrantzia azpimarratu dute.
Haize Agirre Herrizomako kidea da, eta Hizpidean izan dugu gaurkoan. Berak azaldu dizkigu proiektuaren nondik norakoak, eta osteguneko aurkezpenera gonbidapena luzatu. Elkarrizketa osoa hemen entzungai.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!