Osakidetzako osasun zentroek ezin dute gehiago
Osakidetzari utzikeria eta kudeaketa penagarria egotzi diote Lehen Mailako Arretako langileek, osasun zentroetan egindako mobilizazioan. Urtarrilaren 23ko manifestaziora batzeko deia luzatu diete herritarrei.
Lehen Arretako langileek elkarretaratzeak egin dituzte gaur Osasun Zentroen sarretan, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Abenduan zehar ere hainbat mobilizazio egin dituzte, Lehen Arretaren egoera “penagarria” dela eta, osasungintza publikoa defendatzeko.
Gaurkoan, ordezkari sindikalek aho batez salatu dute “ezin dutela gehiago” Osakidetzako osasun zentroek: “Lehen Arretako zentroak guztiz gainkargatuta daude. Baliabide personal eta materialen falta nabarmena da eta egoera hau ospitaleetan eta beste zentroetan ere ematen ari den zerbait da”.
Osakidetzari egotzi diote covid-19ak eragindako egoera aitzakia bezala erabiltzea. Izan ere, Lehen Arretaren egoera tamalgarria aurretik dator (okerrera egin duen arren pandemiaren kudeaketa “penagarria” dela eta) eta honen erantzule bakarra Osakidetza eta bere utzikeria dira, langileen arabera.
Ez dira langileak kaltetu bakarrak, ordea. Azaldu dutenez, gizarte osoari eragiten diote murrizketek: paziente kronikoen jarraipena erabat hondatu da, kontsultak atzeratu egin dira edo bertan-behera utzi dira. Kontsultak atzeratu eta bertan behera uzteak diagnostiko goiztiarrak eragotzi ditu eta bereziki kaltetu ditu jarraipen zorrotza behar duten pertsonak.
Osakidetzako osasun zentroetarako sarbidea ia ezinezko bilakatu dela salatu dute, eta telefono bidezko kontsultek ezin dietela pazienteen beharrei erantzun. Lehen Arreta beharrezkoa da bajak kudeatzeko, tratamentuei jarraipen bat egiteko edota egunerokoan sortzen diren osasun-beharrei erantzuteko, eta hori da jokoz kanpo utzi dutena, langileek azaldu dutenez.
Gainera, ospitale eta beste osasun zentroei ere eragiten die utzikeria honek: “ebakuntzak atzeratu egin dira, datek atzera eta atzera egin dute eta batzutan, kirurgia aurreko ur prestaketa baliogabe geratzen da berriro hastera behartuz, larrialdi zerbitzuak gainkargatu egin dira”.
“Sistema kolapsatuta dago edo, hobe esanda, kolapsatu egin dute”
Osakidetzaren aurreikuspen falta eta desgaitze programatua salatu dituzte eta dei egin diete herritarrei eta gizarte eragileei urtarrilaren 23an, igandea, Andra Maria Zuriaren plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!