‘Orain Presoak’ manifestazioan izateko autobusak betetzen hasi dira
Larunbatean Bilbora joateko azken autobus-txartelak salgai daude Arabako zonalde ezberdinetan. Gasteizko Gaztetxeak, Judimendik eta Txagorritxuk bus propioa izango dute baina gehienak 15:00etan irtengo dira Paz kaletik.
Urtarrilaren 12an, urteko bigarren larunbatean, euskal preso, iheslari eta deportatuen eta euren senideen eskubideak eta etxeratzea aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute. Oraingoan, ‘Orain Presoak’ dinamikak deitu dute manifestazioa, Euskal Herriko bi leku ezberdinetan: Bilbo eta Baiona.
Arabarren apostua Bizkaiko hiriburura joatea izango da eta horretarako hainbat autobus antolatu dituzte. Guztira, herrialdean 17 autobus mota ezberdin aterako dira, eta azken ordura arte txartelak erosteko aukera egongo den arren, ahalik eta lasterren erosteko eskatu dute antolatzaileek, antolakuntza errazte aldera. Autobusak bete ahala, gehiago eskatuko dituzte.
- Gasteizko autobus gehienak La Paz kaletik aterako dira, 15:00etan. Autobus horretarako txartelak Txapelarri tabernan, Bodegon Gorbean, Parral tabernan edo LAB sindikatuan daude eskuragai. Azken ordu eta egunetan Txapelarri tabernan erosteko deia egiten dute, bertan zentratuko baitituzte tiket denak.
- Ohikoa den legez, auzoek ere autobusak antolatu dituzte. Judimendiko autobusa 15:00etan aterako da San Juan elizatik eta txartelak Kandela tabernan edo Albeniz liburu-dendan eskuratu daitezke.
- Txagorritxuren kasuan, Gazalbideko parkingetik aterako da autobusa 15:00etan eta txartelak Laberinto tabernan daude eskuragai.
- Gaztetxeak antolatu duen autobusa 12:00etan abiatuko da Txapela tabernatik eta txartelak Hala Bedi Tabernan daude salgai.
Gune hauetan tiketik ez aurkituz gero, Txapelarri tabernara joateko eskatu dute antolatzaileek.
Horretaz gain, Murgiatik, Arabar Errioxatik, Añanatik eta Agurainetik ere busak irtengo dira. Edo, Miranda de Ebrotik ere ohikoa bilakatu den autobusa hurbilduko da Bilboraino.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!