Novadecon jazarpen transfoboa eta sindikala salatzeko elkarretaratzea egin dute Epaitegietan
Novadecok sexu-genero trantsizioa abiatzeagatik langile bat kaleratu izana salatu eta transfobiarik gabeko lantokiak aldarrikatu ditu LABek.
Pasa den azaroan, Novadeco enpresak langile bat kaleratu zuen, LAB sindikatuaren ustez, bi arrazoi medio: langilea hauteskunde sindikaletan LABen zerrendan joan zela, eta aurreko udaberrian sexu-genero trantsizioa abiatu zuela.
Abenduan, kaleratzea bidegabea izan zela onartu zuen enpresak. Hala ere, LABek azaldutako arrazoiak ontzat eman ez zituela eta, epaitegietara eraman du auzia sindikatuak, langilearen oinarrizko eskubideak urratu dituela enpresak eta kaleratzea baliogabea izan dela aitortu dadin.
Gaur egin da epaiketa, otsailak 18, eta LABek deituta kontzentrazioa egin dute epaitegien aurrean, kaleratutako langileari babesa erakutsi eta transfobiarik onartuko ez duela adierazteko, “ez Novadecon ez beste inongo lantokitan”.
Eli Etxeberria LABeko idazkari feministak, mobilizazioan egindako adierazpenetan, identitate sexu-generikoa zein orientazio sexuala edota genero adierazpenagatik diskriminazioak ekiditeko protokoloak behar direla azaldu du: “Enpresek lan esparru osasuntsuak eta seguruak bermatu behar dituzte eta horrek lanzentroek transfobiarik gabeko espazioak izan beharko lukeela esan nahi du, eta enpresetan trantsizioa egiten dutenen langileei babesa ematea eta eskubide guztiak bermatzea”, gaineratu du Etxeberriak.
Era berean, adierazi du LABek “ez duela onartuko lantokietan langileen oinarrizko eskubideen urraketa, genero autodeteminazioa ukatuz”. Eskerrak eman dizkio Gasteizko Mugimendu Feministari zein LGTBI+ mugimenduari laguntza, presentzia eta babesagatik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!