Mugimendu Sozialistako kide baten aurkako jazarpena salatu dute, Gasteizen
Itaiak eta Kontseilu Sozialistak salatu dute Gasteizko emakume militante batek Alde Zaharreko taberna bateko lanpostuan bere militantzia politikoarekin lotutako "gutxiespenak eta burlak" eta lankide baten aldetik sexu jazarpena jasan dituela. Jazarpenaren erantzulea argazkiak atera zituen gizona dela argitu dute, baina lanpostuan sorturiko "babesgabetasun egoerak" gisa horretako erasoak "oharkabean pasatzea" ahalbidetu eta "erasotzailearen figura zuritzen lagundu" duela baieztatu dute.
Mugimendu Sozialistako emakume militante batek jasandako jazarpena salatu dute ohar bateratu batez Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Itaiak. Gasteizko Alde Zaharreko taberna batean lanean izan den garaian Mugimendu Sozialistako kideak bizitako egoerarekin lotu dute jazotakoa, “erabat babesgabe” egon delako, eta gertakaririk larrienak duela bi aste jazo direla azaldu dute.
Kide honek, oharrean azaldu dutenez, duela zenbait hilabete tabernan lanean hasi zenetik jasan behar izan ditu “Ezker Abertzalearen inguruko langileek egiten zizkioten gutxiespen komentario eta burlak, bere militantzia politikoarekin estuki lotuta“.
“Tentsio baxuko egoera horrek denbora bat iraun bazuen ere, txosnetako beto politikoa salatu genuen unetik aurrera, berekiko giroa gogortu egin zen, bera izan baitzen Txosna Batzordeko bilerara bertaratu zen Mugimendu Sozialistako kideetako bat”, ziurtatu dute antolakundeek. Hark lanean sentitzen zuen “deserosotasuna” adierazi eta “babesa eskatu” zuenean, “entzungor” egin zioten. Zehaztu dute, hala ere, “lankide gutxi batzuekin” ez duela “arazorik izan”.
Gertakari larrienak, ekainaren 3an
Kontseilu Sozialistaren eta Itaiaren esanetan, joan den ekainaren 3an eta aipatutako tentsio testuinguruan jazo ziren kideak jasandako gertakaririk larrienak, “komentario eta burlak” egiten zituzten lankide horietako baten eskutik, gainera.
Egun hartan, Harrika jaialdia ospatu zen Jimmy Jazz aretoan. Jaialdi horren funtsa “espazio seguruak eta askeak” sortzea da eta argiki debekatua dago argazkiak egitea, pribatutasuna zaintzeko. Emakume militantea jaialdira joatekoa zen eta hala esan zion tabernan enkargatu lanetan aritzen den gizonari. “Hark hara joateko asmorik ez bazuen ere, jaialdira joan zen gure kidea han zegoelako”, argitu dute Kontseilu Sozialistak eta Itaiak: “Behin han zela, ea non zegoen galdetu zuen eta, Jimmy Jazz aretoko arduradunarekin dauzkan kontaktuak erabiliz, diskotekako segurtasun kameretatik bilatu eta, mugikorra erabiliz, argazkiak atera zizkion“.
Hurrengo egunean, Mugimendu Sozialistako kidearengana jo eta irudi horiek erakutsi zizkion, “komentario lizunak” egitearekin batera. Lankideei ere kontatu zien, eta horien “barrez” hartu zuten. “Gure kidea shock egoeran gelditu zen”. Gaur gaurkoz ez dago jakiterik argazki horiek zabaldu ote dituen, jende gehiagoren argazkiak ere atera dituen edota Jimmy Jazzen beste egun batzuetan antzekoak gertatu ote diren, mahaigaineratu dutenez: “Dakigun bakarra da normaltasun osoz erakutsi zituela argazki horiek tabernan eta inork ez zuela gure kidea babestu”.
Bereziki esanguratsua dela salatu dute “horren argia den jazarpen sexual kasu baten aurrean argazkien berri izan duten guztiek barrezka erantzun izana“.
Erantzun publikoa
Egoera horretan, lana uzteko erabakia hartu du Mugimendu Sozialistako kideak, “azken hilabeteotako girotik erabat aldentzeko”. Mugimendu Sozialistari babesa eskatu eta, gertaturiko guztiaren berri izatean, neurriak hartzea erabaki zuten mugimenduko militanteek, Gedar atariak jaso duenez. Izan ere, tabernako jabearekin bildu ziren ekainaren 8an, eta “baldintza argi bat jarri” zioten: “militante sozialistaren babesa bermatze aldera, ez zezala gertatutakoa zabaldu”.
“Berak eskatu zigun egoera publiko egiterakoan tabernaren izena ez aipatzeko. Baldintza hau onartu genuen, ulerturik tabernak ez zuela ordura arte gertatutakoan erantzukizun zuzenik”, azaldu dute Kontseilu Sozialistak eta Itaiak. Hala ere, tabernako langile guztiei eman die egoeraren berri nagusiak, baita Jimmy Jazz-en Mugimendu Sozialistako kidea eraso zuen langileari ere. Gauzak horrela, “errelato interesatuen hedapena” ekiditeko, gertatutakoa zabaltzea erabaki dute.
“Argi utzi nahi dugu jazarpenaren erantzulea argazkiak atera zituen gizona dela. Dena den, uste dugu lanpostuan sorturiko babesgabetasun egoerak horrelako erasoak oharkabean pasatzea ahalbidetu eta erasotzailearen figura zuritzen lagundu duela”, ondorioztatu dute Kontseilu Sozialistako eta Itaiako kideek. Izan ere, ekainaren 3ko gertakariak izan baziren ere kidea babesa eskatzera bultzatu zutenak, jazarpena konstantea izan dela azaldu dute: “jazarpen sozialak duen ezaugarrietako bat da pixkanaka normalizatu egiten dela eta sufritzen duenak naturaltzat hartzen duela izatez konstantea den egoera”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!