[ARGAZKI GALERIA] Mila pertsonatik gora bildu dira Gasteizko erailketa matxista salatzeko
Ertzaintzak ez zuen bikotekide ohia atxilotu urtarrilean urruntze agindua urratu eta Gasteizen agertu zenean.
Mugimendu Feministak deituta, mila pertsonatik gora bildu dira gaur arratsaldean Andra Mari Zuriaren plazan, atzo ezagutu zen hilketa matxista arbuiatzeko. Samina eta elkartasuna adierazi diete Maialen eta bere haurraren familia eta lagunei eta urrats handiagoak eskatu dituzte erasotzaileei aurre egiteko. Deitzaileek aldarrikatu dute indarkeria matxistaren aurrean ikuspegi feminista izatea ezinbestekoa dela, eta prozesu osoan zehar “kalitatezko babesa eta baliabideak” martxan jartzea eskatu dute. Euskal herrian azken bi asteetan emandako bigarren erailketa izan da.
Igandean topatu zuten senideek emakumezkoaren gorpua Gasteizko apartamentu hotel batean, alaba alboan zuela. 32 urteko emakume gasteiztarra haurdun zegoen, eta duela astebete inguru itzuli zen Gasteiza. Ustezko hiltzailea den bikotekide ohiak urruntze agindua zeukan ezarria. Igande iluntzean atxilotu zuten bikotekide ohia Zaragoza inguruan, Gasteiztik ihes eginda Taxi batean zihoala.
Ertzaintzak kasuaren berri zuen
Ertzaintzak urtarrilean jakin zuen bikotekide ohiak urruntze agindua urratu zuela, Josu Erkoreka Segurtasun Sailburuak azaldu duenez. Orduan ikerketa hasi zuten, emakumeari jakinarazi zioten bikotekide ohiak urruntze agindua urratu zuela, baina ez zuten atxilotu, nahiz eta genero indarkeriaren aurkako protokoloak hala agintzen duen. Hurrengo hilabeteetan ertzaintzak ez zuen bikotearen berririk izan, ustez Valentziara itzuli zirelako biak.
Maiatzean ertzaintzak jakin zuen biktima eta bikotekide ohia Gasteiza itzuli zirela, eta apartamentu hotel batean izena eman zutela. Emakumeak ertzainei adierazi zien orduan bikotekidearekin harremana berregin nahi zuela, eta harekiko jarria zeukan salaketa “kentzeko lanean zegoela.” Honen aurrean, Erkoreka sailburuak esan du “ez dela erraza bere burua arriskuan ikusten ez duen biktima bat babestea”. Eta galdetu diotenean zergatik ez zuten bikotekidea atxilotu urruntze agindua urratu zuenean, protokoloan agindu bezala, “ez dakit” erantzun du. Urruntze agindu bat tarteko zeukan bikotea zela jakinda, esan du “harreman afektiboa” zela, eta halakoetan “biktimak ez duela beti argi ikusten babestua izateko beharra.”
Mugimendu feministatik adierazi dute ez dutela onartuko “biktimizazioa erreproduzitzen duten irakurketa misoginorik” ezta “errua emakumeengan jartzen duen esku garbiketarik”. Josu Erkoreka sailburuari eskatu diote, “bere burua zuritzen denbora eman baino”, errebisatu ditzala protokoloak eta zerk huts egin duen identifikatu dezatela. Neurri eraginkorrak eta berriz ez gertatzeko bermea eskatu dizkiete instituzioei.
Segurtasun sailburuak adierazi du biktima senideekin elkartzekoa zela atzo, baina agertzen ez zela ikusita bere bila joan eta hilotz topatu zutela apartamentu hoteleko gelan hiru urteko alabaren alboan. Haurrari ez diote indarkeria zantzurik topatu. Igandean bertan atxilotua izan ondoren, bikotekide ohia Bartzelonan dago orain, Gasteiza noiz ekarriko duten zain. Ikerketa zabalik omen dago oraindik.
:]
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!