Michelingo langileek elkarretaratzea egin dute hitzarmen berriaren aurka
Gasteizko plantillak ezezkoa eman zion zuzendaritzaren eskaintzari, baina estatu mailan baiezkoa atera denez gaur goizean sinatu dute hitzarmen berria. Ez dute KPIaren araberako igoerarik adostu, 1.500 €ko prima bat emango diete langileei.
Michelin España y Portugal SA enpresak eta Lantegi arteko batzordeak hitzarmen berria sinatu dute gaur goizean, penintsulako langileek baiezkoa eman ostean zuzendaritzaren proposamenari. Gasteizko Michelingo langileen gehiengoak ez zuen proposamena onartu, eta elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian fabrikako sarreran haien kontrakotasuna adierazteko, “Hitzarmenaren sinadura, gure izenean ez” lelopean.
Gasteizko plantan 4 eguneko greba arrakastatsua egin ondoren enpresaren zuzendaritzak penintsula osoko langileen ordezkariekin bilerak abiatu zituen Burgosen. KPIaren araberako igoera “erreala” eskatzen zuten langileek, eta baita galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, “Team Building” egunak lan orduen barruan zenbatzea eta beste zenbait eskaera ere. Zuzendaritzak egindako proposamenean aldiz, elementu nagusiak izan ziren kontsolidatu ezin den 1.500 €ko prima bat ordaintzea eta soldatak igotzea, baina KPIaren azpitik. Bi mila bozkatik gora (langileen % 64) egon ziren Gasteizen zuzendaritzari ezezkoa emanez, eta Gasteizko langileen asanbladak berak deituta ezezko hori irudikatu dute gaur.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!