Michelinen “bilakaera autoritarioa”: kaleratzeak eta zigorrak gora
LAB sindikatuak esan du Gasteizko Michelinen 2023an kaleratze gehiago egon direla 2012-2018 urteetan baino. Azken urtean enpresak izan duen “bilakaera autoritarioaren” erakusle da datu hori, salatu dutenez. Ez da hori seinalatu duten neurri bakarra, ordea: enpresak ezartzen dituen zigorren kopurua eta mailaketa ere handitu egin dira. Hau da, zigor gehiago jartzen ditu enpresak eta jartzen dituen horien artean gehienak larriak edo oso larriak omen dira.
Kaleratzeei dagokionez, LABek uste du langileak “beldurtzeko” estrategiaren parte direla. “2023an diziplinazko 13 kaleratze izan dira. Urtarriletik ekainera bitartean hiru kaleratze egin ziren, eta ekaineko grebetatik aurrera beste 10 pertsonari egin diete hori bera. Guztiak grebetan parte hartu zuten pertsonak dira”, salatu du sindikatuak.
Michelingo zuzendaritzak Gasteizko fabrikarekiko konfiantza galdu duela esatea ere beldurraren estrategia horretan kokatu dute. “Gertakari hauek Gasteizko lantegia lantokien arteko batzordetik ateratzeko erabakiarekin lotuta daude. Lantokien arteko batzordean enpresa oso eroso zegoen, estatu mailako zenbakiak hobeak baitziren bere interesetarako”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!