Mercedeseko kontratazioa lege-iruzurrean egiten dela onartu du EAEko Auzitegi Nagusiak
EAEko Auzitegi Nagusiak Gasteizko epaitegiaren epaia berretsi du, Mercedeseko kontratazioa iruzurrezkoa dela ebatzita. Orain frogatutzat jo dute sindikatuek hainbat urtetatik hona salatu dutena: Mercedeseko kontratazio-politika iruzurrezkoa da.
ELAk salatu duenez, “aurrerantzean ziur aski hala izaten jarraituko du, baldin eta sindikatu batzuek beste aldera begiratzen badute Mercedesek legea urratzen duen bitartean”.
Epai berri horien artean behin-behineko kontratua duen langile baten kasua dago. Artean kontratua indarrean zegoela, langile horrek bere iruzurrezko egoera salatu zuen enpresan bertan, lan-ikuskaritzan eta epaitegian. Enpresan ELAko ordezkari izatea onartu zuen, behin-behineko langileen kidegoa ordezteko, eta egoera prekario hori salatzeko. Ordezkari izendatu eta egun gutxira enpresak kaleratu zuen, Lan Ikuskaritzak, ordurako, kontratua mugagabe bihurtzeko errekerimendua enpresara bidalita bazeukan ere.
“ELAn sinetsita gaude langileen aldeko epai gehiago helduko direla. ELAk Mercedesen iruzur hori salatzen jarraituko du. Enpresako Zuzendaritzak, gertaerak onartu beharrean, gezurti hutsak garela esaten digu guztiz agerikoa dena salatzeagatik”, adierazi dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!