Mercedeseko langileek akordioa onartu dute erreferendumean, tailerreko langile gehienek ezezko botoa eman arren
Langileen %57k babestu dute lan hitzarmenaren akordioa. Boto elektronikoan eta bulegoetan baietzak alde handiarekin irabazi badu ere, tailerreko langile gehienek ezezko botoa eman dute.
Atzo, astelehena, erreferenduma egin zuten Mercedeseko langileek, enpresak eta UGT-CCOO-Ekintza-PIM sindikatuek adostutako lan hitzarmena bozkatzeko. Gaur goizean ezagutu da emaitza: langileen %57k babestu dute akordioa, %43a aurka agertu dira. Erreferendumean parte hartzera deituta zeuden 4.836 langile eta 4.554 boto izan dira, 2.601 alde eta 1.939 aurka.
Horrela, erabakita gelditu dira datozen bost urteetarako lan baldintzak. Aipatzekoa da, edonola ere, boto elektronikoan eta bulegoetan baietzak alde handiarekin irabazi duela, baina tailerreko langile gehienek ezezko botoa eman dute. Tailerrekoen artean (muntaiaz eta pinturaz arduratzen direnak) 1.807k ezetz esan dute eta baiezkoa 1.639k. Hau da, lan hitzarmen berri honek gehien eragiten dien langileek ez dute babestu akordioa.
ELA sindikatua “pozik” agertu da puntu honetara “enpresak eta bere aliatuek nahiko zuketena baino egoera hobean iritsi delako”, eta hori langileen mobilizazioari esker izan dela baieztatu dute. Eusko Jaurlaritzak jokatu duen papera salatu nahi izan du ELAk, Mercedeseko langileei “presio zuzena” egin dielako, “gezurra den mezu bat sumisioz onar dezaten: enpresek inbertitzeko erabakiak ez daude plantillek murrizketak eta kontziliazioaren aurkako erasoak onartzearen mende”.
Akordio berria 2026ra arte egongo da indarrean. Besteak beste, soldaten igoera jasotzen du: %6 aurten, %2,25 urtero datorren urtetik 2026ra. Langileek 4.000 euroko saria jasoko dute, 2021eko igoera ordezkatzeko, eta baita beste ordainsari batzuk ere. Gainera, enpresak uko egingo dio langileei seigarren gaueko txanda inposatzeari.
Hala ere, hitzarmenaren akordioak ez du jasotzen langileen eskakizun nagusietako bat: KPIaren araberako soldata igoera, hain zuzen. ELA, LAB eta ESK sindiaktuen arabera, lan baldintzak okertuko ditu akordio berriak, langileek erosteko ahalmena galtzen jarraituko baitute. Horretaz gain, beste eskakizun batzuk ere gelditu dira kolokan: txanda kontratuak hobetzea edota langile berrien eta finkoen artean bereizketarik ez egiteko bermeak ezartzea, adibidez.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!