Martxan da “Agur78” ekimena, Gasteiztik ere “erregimena hausteko”
Urriaren 12ko eguerdian, behin manifestazio nagusia amaituta, Gasteizko Katedral Berriaren plazan ezarri zuten “Agur78” ekimenaren kanpamendua. Udaltzaingoak gazteak identifikatu zituen eta bertan behera utzi zuten kanpalekua. Ekiemnak aurrera darrai eta ireki dugun atal honetan, orduz orduko jarraipena egingo dugu Hala Beditik.
Urriak 17 | Sarean hala iragarrita, “Agur78” ekimena ez da hil. Asanblada irekia deitu dute asteartean, urriaren 17an, 20:00etan SUmendi Gazte Espazioan, Judimendin.
20:00 | Ertzaintzaren presentzia egon den arren, arratsaldeko egitaraua aurrera ateratzea lortu dute gazteek. “Argazki masiboa”-rekin eman diote amaiera egunari, Felipe VI.aren aurpegia zeukan irudia erditik apurtuz.
Felipe VI.aren irudia apurtzen eman diote amaiera egunari @agur78-ko ekimeneko gazteek https://t.co/ic6AW1rCjY pic.twitter.com/LCeA9VkpIw
— Hala Bedi (@halabedi) October 13, 2017
15:16 | “Agur78” ekimenak aurrera darrai. Hala erabaki du ostiral goizean burutu duten asanbladan. Egitaraua apur bat moldatu duten arren, aurrera jarraitzeko konbentzimendua adierazi dute.
Eguneko ekimen garrantzitsuena 19:30etan izango da: argazki masiboa Katedral Berrian, atzo “Agur78 plaza” izenarekin batailatutako plazan. Horren aurretik, bi hitzordu: mahaingurua 18:00etan Katedral Zaharrean Kataluniako prozesua bizi izan duten gazteekin eta 19:00etan burrunbada Fariñasetik.
Egitaraua osorik:
00:45 | Burullerias plazatik aterata Gasteizko alde zaharra zeharkatu du burrunbada zaratatsuak eta Ama Zuriaren plazan amaitu da, balkonadatik pankarta bat botata. Jendetza bildu da ekimenean, argazkiotan ikus dezakezuen moduan.
Bihar, ostirala, goizeko 11:30ean jarraituko dute ekimenek, Gaztetxean egingo den asanbladarekin.
23:00 I Asanblada egin dute plazan, eta erabaki akanpada bertan behera utziko dutela; ez, ordea, ekimena: 00:00etarako burrunbada deitu dute Brullerias plazan; gainera, bihar, ostirala, 11:30ean asanblada egingo dute Gasteizko Gaztetxean.
21:30 I Udaltzainek 6 gazte eraman dituzte komisaldegira identifikatzeari uko egiteagatik. Gasteizko udaltzainak Katedral Berriaren aurrreko enparantzan agertu dira. Bertan elkartutako gazteei identifikazio eske hasi dira, antolatzaileak nortzuk ziren jakin nahian. Gazte horietako 6 ez dira identifikatu, polizien aginduei muzin eginez. Identifikatzeari uko egin dioten 6 gazteak komisaldegira eraman dituzte udaltzainek eta identifikatu dituzten gazteetako batzuei mozal legea ezarriko dietela jakinarazi diete.
18:15 | Bazkalostean, Udaltzaingoaren presentzia handitu da. Ertzainak ere egon diren arren, gazteekin eta hurbildutako zinegotziekin Udaltzaingoa egon da negoziatzen. Hasiera batean, desalojatzeko 10 minutuko tartea eman badiete ere, ordubete egon dira gunea bigilatzen. Azkenean, alde egin dute, gazte gehiago hurbildu diren bitartean. Egitarauak aurrera darrai.
16:12 | Ertzaintzak gunea hurbiletik bigilatzen duen arren, giroa lasaitu da eta bazkaltzeko aukera izan dute gazteek. Egutegia publikatu dute, orduz ordukoa.
13:50 | Gazteek Katedral Berriaren plaza “Agur78” izenarekin batailatu dute. Ertzaintza hurbildu da hasieratik gunera eta tentsio uneak izan dira. Pertsona bat identifikatu dute baina normal funtzionatzeari ekin diote gazteek. Azaldu dutenez, sinbolismoz betetako plaza da hau: hemen agurtu zituzten 1976an Espainiako poliziak erahildako Gasteizko langileak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!