Markes Iraizozek lan berria kaleratu du: Erritmatika vol.1en DJ eta beatmaker edizioa
"Sorkuntza, esperimentazioa eta kolektibotasuna dira lan honen euskarri nagusiak". Bandcampen dago eskuragarri deskarga zuzena.
Markes Iraizoz gasteiztarrak bakarkako bideari ekin zion 2017an, Kodigo Norte taldea utzita hainbat urteko ibilbidearen ondoren. Lehenik ere bazuen bakarka argitaratutako lanik: Independencia (2009) eta Musicamina (2014), adibidez.
Hip Hop eta rap douinuez gain, reggaea ere landu izan du Markesek, eta beste hainbat artistarekin kolaboratu bere ibilbidean: Suaiarekin Arnasa (2017, Taupaka) maxia, Unity Sound single-a R-Lantz Aiaraldeko Soinu Sistemako Selektah ekoizlearekin batera, edota Gatom, Indarrap, Diggin Sound eta beste batzuekin egindako musika aipagarrienen artean.
2021eko azaroan Erritmatika Vol 1. kaleratu zuen, eta “Auzotik Hirira, Hiritik Herrira, Herritik Mundura, Bihotzari Bira” lelopean zabaldu. Trilogia baten lehen alea izan zen.
Berriki, Erritmatikaren lehen bolumen horretan oinarritzen den lan berri bat kaleratu du musikari gasteiztarrak, diskaren dj eta beatmaker edizioa. “Euskal Herriko ekoizle, dj edo abeslari komunitatearentzako materiala eskaintzea” helburu, “erritmoak zein akapellak” biltzen ditu lan honek, baita “Itzala” abestiaren remix bat eta aurrekoan atera ez zuen beste kantu bat ere.
Hain zuzen, nahi duenak eskuragarri izan dezan, bandcampen deskargatu daiteke zuzenean, esteka honetan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!