Manifestazioa deitu dute Ikasle Abertzaleek, greba eguneko errepresioa salatu eta atxilotuen absoluzioa eskatzeko
Joan den osteguneko ikasle greban Elurretako fakultatean polizia bortxaz sartu, ikasle asko identifikatu eta 34 atxilotu zituen egunean zehar. Atxilotuen erabateko absoluzioa eskatzeko, eta poliziaren jazarpena eta EHUren jokabide autoritarioa salatzeko, mobilizazioa deitu du IAk.
Ikasle Abertzaleek prentsaurrekoa egin dute gaur, martxoak 28, Gasteizko Letren Fakultatean, pasa den martxoaren 24ko greban egon ziren 34 atxiloketak salatzeko. Izan ere, IAk deitu zuen ikasle grebaren baitan, piketeak egin ziren goizean campusean (langile zein ikasle grebetan ohikoa denez). Egun hartan, ordea, Elurretako fakultatean polizia bortxaz sartu, ikasle asko identifikatu eta 34 atxilotu zituen egunean zehar.
Jazarpena eta errepresioa salatzeko, manifestazioa deitu dute ostegun honetan, martxoak 31, Elurretatik abiatuta 11:00etan. Atxilotuen erabateko absoluzioa eskatzea, poliziaren jazarpena eta EHUren jokabide autoritarioa salatzea da mobilizazioaren helburua.
IAk salatu duenez, errepresio hori guztia EHUko Arabako errektoreordetzaren eta errektoretza nagusiaren erabakiz eta horiek baimenduta egin zen. “Gure ustez, astakeria bat da pikete batzuek egiteagatik 34 atxilotu egotea; baita, oro har, unibertsitatea campus polizial bilakatzea ere. EHUk unibertsitatean poliziaren inpunitatea baimenduz gero, ikasleon greba oro kriminalizatzeko aurrekari oso arriskutsua ezatzen du”, salatu dute. Ezarri nahi duten Bizikidetzaren Legearekin lotu dute hori.
Masa komunikabideen kriminalizazio
Gertakariak “erabat manipulatzeaz gain”, atxilotuen seinalamendu publikoa ahalbidetzea egotzi diete hainbat masa komunikabideri. Hezkuntza publikoaren aldeko greba egun batean mobilizatutako ikasleak “kriminal” edo “unibertsitate publikoaren kontrako subjektu” gisa aurkeztu nahi izatea salatu dute.
Askatasun politikorik ez EHUn
IAren arabera, “ezin da politika askatasunez egin une oro jazarpena badago”; horregatik, EHU “progresismoz mozorrotzen bada ere”, “autoritarismoarena” da bere benetako aurpegia. “Zer nolako unibertsitatea da bere ikasleak masiboki atxilotzea baimentzen duena? 34 ikaslek egun osoa ziegan igarotzea baimentzen duena?” galdegin dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!