Maiatzaren 26an mobilizatzeko deia egin du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, pentsioak eta eskubide sozialak defendatzeko
Langileen erosahalmenari eusteko, energiarako eskubidea bermatzeko, zerbitzu publikoak defendatzeko, babes sistema indartzeko, abarastasuna banatzeko eta burujabetzaren alde mobilizatzeko dei egin dute Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragile sozial eta sindikalek.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazio dinamika bat jarri du martxan, bizi dugun egiturazko inflazio eta sistema publikoaren eraisteari aurre egiteko. Manifestazioak deitu dituzte maiatzaren 26an, arratsaldeko 19:00etan Iruñean, Bilbon, Donostian eta baita Gasteizen ere, Andra Mari Zuriaren plazan.
Oro har, langileen erosahalmenari eusteko, energiarako eskubidea bermatzeko, zerbitzu publikoak defendatzeko, babes sistema indartzeko, abarastasuna banatzeko eta burujabetzaren alde egiteko deitu du mobilizazioa Eskubide Sozialen Kartak.
Biztanleriaren zati gero eta handiago bat “energia pobrezian murgilduta” dagoen honetan, egiturazko neurriak hartu eta enpresa energetikoak kontrolatzeko garaia dela aldarrikatuko du plataformak.
Erreforma fiskal progresibo bat ere eskatzen dute, “krisia kapitalak ordain dezan eta ez gehiengo sozialak”. Izan ere, sektore batzuek eztabaida publikoa zergak jaistean zentratu nahi duten horiek sistema publikoa eraisten ari direla uste dute, “are gehiago murriztea dela euren asmoa”.
Zerbitzu publikoak garatzearen alde ere egingo dute mobilizazioan, oinarrizko eskubide sozialak bermatzeko: hala nolam osasuna, hezkuntza, zaintzak edo etxebizitza. Euskal Herrian lan egin eta erabakitzeko tresnak garatzeko ordua dela berretsi du Eskubide Sozialen Kartak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!