Maccabiren aurkako partidan adierazpen askatasuna ez da bermatuta egongo
Gasteizko BDZ taldeak martxoaren 29ko partidan adierazpen askatasuna bermatuta egoteko eskatu dio Gasteizko Udalari, baina soilik EH Bilduk, Irabazik eta Podemosek bozkatu dute alde. Maccabi Gasteizera datorrenean “Israelek eta Mossadek agintzen digute zer esan, berdin du hemengo legeek zer esaten duten”, ohartarazi dute.
Gasteizko BDZ taldeak Tel Aviveko Maccabik martxoaren 29an Gasteizen jokatuko duen partida dela eta ebazpena aurkeztu du Udaletxean. Azken urteetan Araba Arenan bizi izan dituzten debeku, eragozpen eta isunen aurrean, Gasteizko Udalak adierazpen askatasuna aldarrikatzea eta berau bermatzea bilatu dute, baina ez dute guztiz lortu.
Izan ere, EHBildu, Podemos eta Irabazi alde agertu diren arren, EAJk eta PSOEK beste emendakin bat aurkeztu dute; PPk, aldiz, bien kontra bozkatu du. “Gure ebazpenak gutxieneko eskakizunetara jo du. Behin baino gehiagotan aipatu dugu “legalak” diren banderak eta aldarriak sartzeko eskubidea, adierazpen askatasuna baino ez dugula eskatzen”, salatu dute.
Asmo horiekin joan dira internazionalistak. Eta, EAJ eta PSOEren ebazpenean hori agertzen bada ere, jarraian Segurtasun Sailean jarri dute konfiantza eta eskubide horien bermea. Baina, BDZ Gasteizko taldeko kideek adierazi dutenez, udalbatzara jo dutenean, “kontrako esperientziak” bultzatu ditu: “Barne saileko ertzaina da guri palestinar banderak edo “Israeli boikot” idatzirik duten afitxak kendu dizkiguna”.
Gogoratu beharra dago, legezkoak diren aldarriak debekatu dituztela azken urteetan. Horren aurrean, bilatzen zutena “ertzainen aktuazio horrekiko konfidantza boto bat” ez zela esan dute, “baizik eta udalbatza honen posizionamendu bat aktuazio horri zilegitasuna behintzat kenduko liokeena hiriaren gehiengoaren aurrean”.
Maccabi Gasteizera datorrenean, Udala, Arabako Diputazioa eta Eusko Jaurlaritza bera aginterik gabe geratzen direla abisatu dute: “Israelek eta Mossadek agintzen digute zer esan, aldarrikatu, erakutsi ahal den zelaian eta zer ez. Berdin du hemengo legeek zer esaten duten”.
EAJ, PSE eta PPren jarreraren aurrean, galdera bat luzatu dute: “Maccabi urtero etorriko da Gasteiza, galdera da, aurten ertzaintzak berriro adierazpen askatasunaren kontra jotzen badu, datorren urtean zer egingo dugu, berriz onartu eta kitto?”
“Israelek saskiratze ederra lortu du Gasteizko udalbatzan PP, PSOE eta PNVren jarrerari esker”, ondorioztatu dute.
Protestak
Baina urtero bezala, protestak egongo dira zelaiaren barruan eta kanpoan. Martxoaren 29an, partida egunean, elkarretaratzea deitu dute 19:00etan Korreos plazan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!